Eibarko Udalak, aurtengoan ere, bat egin du Europako Mugikortasun Astearekin eta "Pedalei eragin etorkizunerantz" erakusketa antolatu du

2015/09/24
Eibarko Armagintzaren Museoak, irailaren 25etik urriaren 4ra, bizikletetan atera diren azkenengo modeloak eta beste hainbat motatako garraio autonomo batzuk izango ditu ikusgai. Hara doanak ibilgailu guzti horiek martxan ikusteko aukera paregabea izango du: erakusketaren arduradunak izango dira horretan jardungo dutenak.

Eibarko Udalak, herriko Armagintzaren Museoaren bitartez, aurtengoan ere bat egin du Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin. Urte honetako leloa hauxe da: "Aukeratu. Aldatu. Konbinatu.”. Kanpaina horrek, alde batetik bestera ibiltzeko beste modu batzuk tartekatzeko gonbitea luzatzen digu, motorrik ez duten garraio moduen erabilera lehenetsiz eta auto partikularrak gutxiago erabiliz.  

Horren harira, Udalak honetaz jabetu nahi ditu eibartar guztiak: garrantzia handia duela azken aldi honetan sortu eta garatu diren mugikortasun jasangarri eta osasuntsuko aukera berri guzti horiek erabiltzeak.   

Hori dela eta, mugikortasun modu berriak eman nahi dira ezagutzera Armagintzaren Museoak bere magalean hartuko duen “Pedalei eraginez etorkizunerantz” erakusketa horri esker. Airearen kalitatea hobetzeaz eta kontaminazio akustikoa murrizteaz gain, horrelako tramankuluek ariketa fisikoa egitera behartzen dute eta ezin egokiagoak dira loditasunari aurrea hartzeko.

Irailaren 25etik urriaren 4ra arte -egun biok barne- Eibarko Museora datozen guztiek bizikletetan atera diren azkenengo modeloak eta garraiobide autonomoak ezagutzeko aukera izango dute, alde batetik bestera modu jasangarrian mugitzeko eta ibiltzeko. Erakusketa bihar, hilak 25, irekiko da 19:00etan.

Scooterrak, bizikleta elektrikoak edo Seg Way-ak dira aldi baterako erakusketa horretan ikusgai izango diren ibilgailuetako batzuk. Erakusketako arduradunek  jendearen aurrean  bertan egingo dituzte demostrazioak, nolako funtzionamendua duten erakusteko.

Orbea, BH, BIZIBIKE,  Segway eta Elortza Ortopedia etxeen laguntzari esker antolatu da.

Erakusketara joan nahi duenak martitzenetik eguenetara joateko aukera izango du irailean, ordutegi honetan: 16.00-20.00. Urrian ere ordutegi hori izango da, baina eguaztenetik zapatura bitartean. Domekan, erakusketa zabalik dago goizeko 10etatik ordu batera (10.00-13.00). Doakoa da.