Eibarko Udalak 97.000 euroko diru-laguntza emango die EMGIri eta Merkatarien Elkarteari, sustapen eta prestakuntza jardueretarako

2015/11/03
Udalak bi hitzarmen sinatuko ditu Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin eta beste bat Merkatarien Elkartearekin. EMGIrekin sinatutako lehenengo hitzarmenean, Udalak 34.800 euroko diru-laguntza emango du, Gabonetako argiztapena instalatzeko. Bigarrenean, berriz, Udalak 35.900 euroko diru-laguntza emango dio EMGIri merkataritza sektorea eta ostalaritza sustatzeko. Hirugarren hitzarmena Merkatarien Elkartearekin sinatuko du Udalak; hitzarmen horren bitartez, 27.000 euroko diru-laguntza eman die merkatariei beren elkarteko txartela eta puntu eta zozketa programa sustatzeko.

Eibarko Udalak 97.000 euro inguru emango dizkio merkataritza eta ostalaritzako sektoreari, hain zuzen ere, Eibar Merkataritza Gune Irekiari eta Merkatarien Elkarteari. Helburua da sustapen eta promozio jarduerak abian jartzea. Modu horretan, Udalak bi hitzarmen sinatuko ditu Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin eta beste bat Merkatarien Elkartearekin. EMGIrekin sinatutako lehen hitzarmenean, Udalak 34.800 euroko diru-laguntza emango dio Gabonetako argiztapenaren instalakuntzarako. Bigarrenean, berriz, Udalak 35.900 euroko diru-laguntza emango dio EMGIri merkataritza sektorearen eta ostalaritzaren sustapenerako. Hitzarmen horren bidez sustatu nahi diren alderdiak honako hauek dira: lan-bitartekaritza, giza baliabideen formakuntza eta Eibarko merkataritza.

Hirugarren hitzarmena hiriko Merkatarien Elkartearekin sinatu du Udalak. Hala, 27.000 euroko diru-laguntza eman zaie merkatariei, elkarteko txartelaren eta puntu eta zozketa programen sustapenerako.

Deskontuak erosketa-txartelekin

Merkataritzaren sektorean txartelen salmentak gero eta arrakasta handiago dauka. Aurreko urtean jarri zuen martxan, lehenengoz, Eibarko Merkataritza Gune Irekiak. Aurten ere, funtzionamendu berbera izango du ekimenak: 40 euro ordainduta, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren lokaletan (Untzaga, 7an - Artola jatetxearen alboan-) erosketarako txartela jaso ahal izango da, eta horrekin 50 euroko balioa izango duten erosketak egin ahal izango dira. Txartelak astelehenetik, azaroaren 2tik, aurrera eskuratu ahal izango dira, guztiak agortu arte, eta horiekin erosketak egin ahal izango dira, azaroaren 2tik 28ra bitartean, Eibar Merkataritza Gune Irekiko kide diren denda eta tabernetan.

Aipatutako txartelez gain, EMGIren kanpainaren baitan haur eta nerabeentzako atrakzioak ipiniko dituzte Urkizu, Anbulatorio (osasun zentro) eta Txaltxa Zelaiko parkeetan. Urkizuko eta Anbulatorioko atrakzioak doakoak izango dira, herriko dendetan emango dituzten txartelak erakutsita.

Bestalde, Astelena pilotalekuan ipiniko duten ‘txiki park’a izango da sektoreko jarduera garrantzitsuenetakoa, neguan eta udaberrian.

Halaber, produktu ezberdinez osatutako 40 otarren zozketa izango da. Zozketan parte hartzeko, Merkatarien Elkarteko txartelarekin ordaindu beharko dira erosketak, edota merkatu plazako merkatariek sustatzen dituzten erosketa-txartelak erabilita ere bai.