Eibarko Udalak 29 pertsona kontratatuko ditu Lanbidek diruz lagundutako enplegu-planaren barruan

2016/09/14
Kontratazioak hemendik datorren urteko maiatzaren 31ra arte egingo dira; hiru eta sei hilabete bitartekoak izango dira, eta batzuk lanaldi osokoak, eta beste batzuk lanaldi erdikoak.

Eibarko Udalak, Lanbidek diruz lagundutako Enplegua Sustatzeko Planaren barruan, 29 pertsona kontratatuko ditu, zenbait lan egiteko; kontratuak eta horien iraupena ezberdinak izango dira. Udalak martxan du jada Plana, eta eskaera batzuk Lanbideri bidali dizkio dagoeneko. Edozelan ere, 2017ko maiatzaren 31rako eginda egon behar dute kontratazio guztiek.

Lanbidek diruz lagundutako eskualdeko planaren barruan, Eibarko Udalari 19 kontratazio egokitu zaizkio. Horietako hamabi hiri-altzariak eta berdeguneak berroneratzeko programa baterako dira, eta horretarako peoiak zein ofizialak kontratatuko dira. Beste bi pertsona luminariak aldatzeko kontratatuko dira.

Eta, horietaz gain, honako lan hauetarako lanpostuak ere eskainiko dira: “gardentasuna diru-laguntzen alorrean”, Plazaola argazki-funtsa antolatzeko eta digitalizatzeko proiektua (1. fasea), haur- eta nerabe-zerbitzua sistematizatzeko proiektua, altzarien inbentarioa, eta Armagintzaren Museoaren funts bibliografikoa katalogatze, sailkatze eta tratatzea.

Lanbidek 175.169 euro eman ditu kontratazio hauek egiteko. 19 kontratu horietarako lanaldi osokoak izango dira, eta beste bostak lanaldi erdikoak. Kontratuek, hiru eta sei hilabete bitarteko iraupena izango dute, kasuan kasukoa.

Eskualdeko Enplegu-Planaz gain, beste plan bat antolatu da Eibarrerako propio, enplegu-sorreran eragina duten tokiko garapenerako ekintzetarako kontratuak egitekoa; hau ere maiatzaren 31 artekoa. Horretarako, 84.455 euro jarri ditu Lanbidek, eta hamar pertsona kontratatuko dira.

Honako lanetarako lanpostuak eskainiko dira: enpresa-prospekzioa Debegesarekin elkarlanean, turismo-bulegoa (1. fasea), euskarazko literatura-funtsa berrantolatzea haren difusioa hobetzeko, itzulpen bereziak, hiri-altzariak eta berdeguneak berroneratzea, gizarte-zerbitzuen proiektu berritzaileei laguntzeko proiektua, zenbait artxibotako datu-baseak optimizatzea, eta Interneterako testuak transkribatze eta editatzea.

Kontratuak hiru eta sei hilabete bitartekoak izango dira, kasuan kasukoa, eta batzuk lanaldi osokoak izango dira, eta beste batzuk lanaldi erdikoak.

Kontratuak egiterakoan, Udalak honako baldintza hauek bete beharko ditu: kontratatuetako % 30 diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titularrak izan behar dira, gutxienez % 40 emakumeak, % 15 izan behar dira 55 urtetik gorakoak, eta gainerakoak 35 urtetik beherakoak edo lan gabe sei hilabete edo gehiago daramatzaten 45 urtetik gorakoak, luzaroan langabezian dauden pertsonak eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak.

Guztira, Lanbidek diruz lagundutako enplegua sustatzeko ekintza hauen bidez, 29 pertsona kontratatuko ditu Eibarko Udalak, hemendik datorren urteko maiatzaren 31 arte. Lanbidek 259.624 euro eman ditu kontratazio horiek guztiak egiteko.

Kontratazio-prozesua abian da jada, eta zazpi eskaintza bidali dira Lanbidera dagoeneko, eta handik dagozkien curriculumak bildu eta Udalari bidal diezazkioten baloratzeko. Edozelan ere, lan-eskaintza hauen berri izan nahi izanez gero, Lanbideren bulegoetara jo behar da zuzenean.