Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak “Iniciativas para la construcción y obra civil S.L." enpresari eman dizkio Egigurentarren plaza berritzeko lanak

2015/09/15

Lanak 594.397,54 euro kostako dira (BEZa barne), eta lau hilabetean egin beharko dira, proiektuaren lizitazioan finkatu bezala. Guztira, 16 enpresak aurkeztu zuten obrak egiteko eskaintza. Lanak hauek izango dira: plazako eta arkupeetako zoladura berritzea, han errazago ibiltzeko hobekuntzak egitea eta inguruaren oraingo antolaketan aldaketak egitea.

Eibarko Udalak “Iniciativas para la construcción y obra civil SL” enpresari eman dizkio Egigurrentarren plaza berritzeko lanak, 594.397,54 euroan (BEZa barne), gaur goizean, Kontratazio Mahaian, eta enpresak lau hilabete izango ditu lanok egiteko, proiektuaren lizitazioan finkatu bezala. 

Enkantean aurreikusten zen baino askoz merkeago adjudikatu dira lanak. Aurreikuspena 871.039,77 eurorena zen (BEZa barne). Beraz, Udalak diru asko aurreztuko du.

Enpresaren lana zoladura berritzea eta kaleko argien instalazioak birmoldatzea izango da, bai plazan, parkea dagoen horretan, eta bai plazaren inguruko tokietan, arkupeetan ere bai. Zoladura berrituta, alde batetik, inguru hura iragazgaitzagoa izango da eta isurbideak hobetzeko modua izango da, eta horri esker garajeetan eta lur azpiko lokaletan ez da urik sartuko. Eta, beste aldetik, irisgarritasunaren arloan eta plazaren oraingo antolaeran neurriak hartu ahal izango dira. Era berean, kaleko argiak berrituko ditu enpresak, eraginkorragoak izateko eta hobetzeko asmotan. 

Plazatik arkupeetara errazago sartzeko, lau arrapala egiteko asmoa dago, baina orain dagoen koska kendu barik.

Proiektuaren arabera, gainera, hiru harmaila jarriko dituzte, Egigurentarren kalearen eta plazaren artean gaur egun dagoen koska gainditzeko. Harmaila horietara iristeko, bi eskailera jarriko dituzte, bakoitza albo banatan. 

Parkea, aurrerantzean ere, plazaren erdialdean egongo da, baina birmoldaketak egitean berritu egingo dute, umeentzako jolas berriak jarrita. Herriko altzariak ere aldatu egingo dituzte: banku eta zakarrontzi berriak jarri, iturria harmailen oinean egokitu eta landareontzi berriak jarriko dituzte.

Arkupeetan egingo diren lanen artean, zoladura berritzeaz gainera, sabaia, hormak eta zutabeak margotzeko asmoa dago.

etiketak: Lanak, Egigurentarren, Plaza