Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko udala, hiriko Lanbide Heziketako ikastetxeen matrikulazioa bultzatu nahian

2012/05/18

Informazio jardunaldiak antolatu dira herriko ikastetxeen eskaintza ezagutzera emateko eta 1000 bat karta bidali zaizkie gazteei lanbide heziketaren inguruko informazioarekin.

Eibarko udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza Sailak gure herriko Lanbide Heziketako ikastetxeen lana bultzatzen  du, alde batetik, kalitate eta eskaintza zabala dutelako; eta bestetik, ikastetxeok, Eibarren eta eskualde honen garapen sozioekonomikoarekin zeresan eta zerikusi handia dutelako.

Helburu horrekin, ikastetxeetan matrikulatzeko sasoia gainera datorren egun hauetan,  hainbat ekimen ipini dira martxan, lanbide heziketaren alorrean  hiriak duen eskaintza zabala ezagutarazteko.

Arrazoi horregatik, Eibarko udalak informazio-jardunaldi batzuk antolatu ditu ikastetxeen eskaintza ikasleen artean zabaltzen laguntzearren. Aurrenekoa ostegun honetan izango da, maiatzaren 24an, arratsaldeko 6etan, Portaleko Areto Nagusian. Han izango dira Lanbide Prestakuntzarako eta Etengabeko Ikaskuntza Sailburuordea, José Carlos Crespo Velasco jauna,  Eibarko udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berriztapen batzordeko zinegotzi arduraduna, María José Tellería Etxeberria andrea eta herriko ikastetxeetako ordezkariak. Sailburuordeak, LHren gaur egungo egoerari buruz eta LHk ematen dituen aukeren inguruan hitz egingo du; ikastetxeetako ordezkariek duten eskaintzaren berri emango dute. Ekitaldi horretan,  oroigarri bat entregatuko zaie LHko ikasle onenei.

Aldi berean, Eibarko udaletxeak karta bat bidali die lanbide heziketako ikasketak egin ditzaketen gazteei.  1000 bat karta bidali dira Lanbide Heziketako ikastetxeek duten eskaintza zabalaren inguruko informazioarekin, eta aldi berean, ostegun honetan izango den ekitaldi horretara joateko gonbitea ere luzatu zaie.