Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Mogel auzoak Energia Jasangarriaren Europako Astean parte hartuko du

Eibarko Mogel auzoak Energia Jasangarriaren Europako Astean parte hartuko du

Mogel auzoa.

2015/06/17

Gaur asteazkena, hilak 17, 18:00etan, Eibarko Udaletxean, Mogel auzoan aurrera eraman den birgaitze proiektuari buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute.

Energia Jasangarriaren Europako Astea dela eta, ‘My Smart City District’ egitasmoaren barruan dauden proiektu europarrek, horien artean, Eibarko Mogel auzoa birgaitzeko proiektu integrala, Ate Irekien Jardunaldiak antolatu dituzte. Ate Irekien jardunaldi hauek erakundeei, entitate publiko eta pribatuei eta, oro har, herritarrei daude zuzenduta, hiri adimentsu edo “smart city” arloko esperientziak eta hiri ezberdinetako auzoetan garatu diren energia eraginkortasunerako proiektuak ezagutzera emateko.

‘My Smart City District’ egitasmoak Europako hainbat programa biltzen ditu, horien artean, ‘ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods’ deritzona, Grenoble, Malmo, Oslo eta Eibarren burutzen ari diren aktuazioak jasotzen dituena, hain zuzen ere.

Ate Irekien Jardunaldi hauen baitan, Debegesa garapen agentziak eta Eibarko Udalak ekimenak antolatu dituzte hilaren 17rako eta 18rako (asteazkena eta osteguna), Mogel auzoa birgaitzeko proiektu integrala ezagutzera eman eta Debabarreneko zein EAEko beste hiri edo auzoetan halako proiektuen gauzatzea sustatzeko.

Mogel auzoaren ikus-entzunezkoa

Gaur asteazkena, hilak 17, 18:00etan, Eibarko Udaletxean, Mogel auzoan aurrera eraman den birgaitze proiektuari buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztuko da. Ikus-entzunezkoak auzoak bizi izan duen bilakaera jasotzen du, lanak egin aurreko eta ondorengo irudiekin, eta proiektuan parte hartu duten erakunde eta norbanakoen testigantzak jasotzen ditu: bizilagunak, arkitekoen taldea, enpresa eraikitzailea, Eusko Jaurlaritza, Tecnalia, Eibarko Udala eta Debegesa garapen agentzia.

Ikus-entzunezkoak 13 minutuko iraupena du eta Eibarko Udalak eta Debegesa garapen agentziak egin dute, ‘ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods’ programaren diru-laguntzari esker.

Ikus-entzunezkoaren aurkezpenean izango dira: Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea; Ignacio Basañez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaria; eta Juan Angel Balbas, Debegesako zuzendari orokorra, Mogel auzoko bizilagunekin batera.

Ekitaldia irekia izango da. Mogel auzoan egin diren birgaitze lanak ezagutzeko interesa duen herritar orok parte hartu ahal izango du.

Bihar berriz, hilak 18, goizeko 9:30ean, EAEko Birgaitze Hirigintza Elkarteetako kideek Mogel auzora egingo dute bisita teknikoa, Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze saileko arduradunak lagunduta. Bisitaren ostean, Jubilatuen Ipuruako egoitzan, ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango dute.

ZenN europar programa

Duela zenbait hamarkada Euskadin altxatutako etxebizitza-parkearen ezaugarri nagusietako bat, hauek duten eraginkortasun energetiko txikia da. Horri aurre egiteko, Europan eraginkortasun energetikorako programa bat abiarazi da, ‘ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods’ deritzona. Mogel auzoa birgaitzeko proiektua barne hartzen du, Grenoble, Malmo eta Osloko beste proiektu batzuekin batera.

Eibarko Udalak, Debegesak, Eusko Jaurlaritzak eta Tecnaliak parte hartzen dute ZenN programa europarrean, bazkide gisa. Aldi berean, ‘ZenN’ programa ‘My Smart City District’ egitasmoaren barruan dago.