Eibarko liburutegiak Kultura Ministerioko "Maria Moliner" saria irabazi du irakurketa bultzatzeagatik

2013/04/22
“Juan San Martin Udal Liburutegia" da Gipuzkoan sari hori jaso duen liburutegi bakarra eta "Liburutegia, topalekua” proiektuagatik eman diote, umeei eta gazteei zuzendutako asmoa.

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegia”k Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatzen duen “Maria Moliner” saria irabazi du, irakurketa bultzatzeko saria, 50.000 biztanletik beherako udalei zuzendutakoa. Jaso duen saria “Liburutegia, topalekua” izenburua daraman proiektuagatik eman diote, gazteak eta umeak irakurketaren munduan murgiltzeko egindako proiektua.

Eibarko liburutegia da Euskadiko Autonomia Erkidegoan sari hori jaso duten bederatzi udal liburutegietako bat, eta hain zuzen ere, aurtengoan, sari hori jaso duen bakarra Gipuzkoa osoan. Herriko udal liburutegiak bederatzi aldiz jaso du saria 2003. urtetik 2012. urte bitartean (2011. urtean ez zioten eman) eta, azkena, aurtengo honetan. Sariarekin, liburutegiak liburu-sorta ederra jasoko du.

“Maria Moliner” saria jaso duen Udal Liburutegiaren "Liburutegia, topalekua" egitasmoa hiru jarduera-motatan oinarritzen da. Aurrenik, irakurketa bultzatzekoak ditugu: "Zapatuko ipuina", "Liburua, kulturarako sarbidea", "Umeen eta helduen irakurketa Klubak", "interesguneak" , "bookcrossing", "Hezkuntzaren aldeko mundu kanpaina", edo "puz-lees (li)buru-hausgarriak)".

Hurrenik, liburutegiaren egikera onaren barruan sartzen diren zereginak ditugu, honatx: “liburutegi tailerra”, “erabiltzaileen formakuntza”, “liburu-funtsak osasun zentroetan” “Liburuaren nazioarteko eguna”, “emakumeentzako enplegu tailerra”, “e-readerren mailegua irakurketa-aretoan” edo liburutegiaren hedapena sare sozialetan eta webgunean. 

Eta, azkenik, esan behar da baita udal liburutegiak gizarte-integrazioaren alde egin dituen jarduerak ere balioespen ona jaso dutela, esate baterako “Munduko Paisaiak" kanpainaren Gidak.

Saria emateko oinarritzat erabili duten txostenak azaltzen duenez, “Juan San Martin liburutegia” ahalegin berezia egiten dabil irakurketa bultzatzeko programak sendotzen eta jorratzen, erabiltzaileen artean irakurketa sustatzeko bidezkoenak iruditzen zaizkion ekitaldi edo jarduera iraunkorrekin; hori dena, bere bezeroen artean nolabaiteko “irakurketa ohitura” sortzearren.

Txostenak dioena da, jarduera horiei esker, liburutegia Eibarko kultura-erreferentzietako bat dela, eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera emanez eta topaleku bilakatuz. Udal Liburutegiko arduradunen iritziz, biztanleriaren portzentaje handi bat da liburutegia eduki-hornitzailetzat duena, bai aisialdirako, bai norbere buruaren prestakuntzarako.