Eibarko kaleetan oinezkoentzako beste 23 pasabide goratu jarriko dira aurten

2016/06/10
Udalak lehiaketara atera du proiektua 264.930,08 euroan (BEZa barne), hamahiru asteko egikaritze-epearekin. Horrela, herri barrura eta auzoetako beste hainbat lekutara hedatuko da irisgarritasuna hobetzeko plana. Eibarren, 2011. urteaz geroztik, 40 pasabide goratu baino gehiago egin dira. Aurten egingo direnak horiei gehituko zaizkie.

Eibarko kaleek aurten beste 23 pasabide goratu gehiago izango dituzte, hiriko beste hainbat lekutan lehendik egindako 40 pasabidetik gorako horri gehituko zaizkienak. Irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea dute helburu baina baita bide-segurtasuna hobetzea ere, pasabideak goratuz gero gidariak herri barruan abiadura murriztera behartuta daudelako.

Eibarko Udalak proiektu hau lizitaziora atera du 264.930,08 €ko aurrekontu batekin (BEZa barne); obrak egiteko epea hamahiru astekoa da. Eskaintzak egiteko epea zabalik dago uztailaren 5era arte.

Aurten egingo diren pasabide goratuak kale eta zenbaki hauen parean egingo dira: Urtzaile 3, Barakaldo 15, Txaltxa Zelai 18, Arratebide 17, Iparragirre 12, Migel Aginaga 5, Barrena 38, Armagin 14, San Andres pasealekua, Ardantzara ematen duen oinezkoen babesgunea, Romualdo Galdos (16, 20 eta 22 zenbakien parean), Urkizu 28-30, Legarregain 16, Ubitxa 16, Jardiñeta 15-19, Errebal-Julian Etxeberria bidegurutzea, Errekatxu 1, Jose Antonio Gisasola 3, Sansaburu 2, Urki 21, eta Untzaga plaza.  

Pasabide horiek datorren irailaren erdi aldera edo amaiera aldera hasiko dira egiten.

Pasabide goratuen proiektua, pixkanaka, herri osora eta auzo gehienetara hedatzen joango da, horrelako pasabideak ipintzea lehenetsi behar dela uste den lekuetan. Non ipini erabakitzeko orduan hainbat alderdi hartzen dira kontuan: oinezko asko ibiltzen den lekuak izatea, trafiko handikoak, edo erdialdeko guneak, merkataritzakoak edo eskola-guneak izatea.

Aurretik egindako lanetan bezala oraingoan ere gune goratu bat jasoko da trapezio moduko bat eratuta: oinezkoen pasabideak eta aldapa ematen zaien arrapala bik osatutako trapezioa, espaloi-kotaraino heldu arte. Oinezkoen pasabidearen zabalerak hartzen duen galtzada-zatiaren errodadura-azalera osoa da goratzen dena. Kalearen drainatze-lana ere bermatu egiten da eta kaltetutako espaloi-zatiak berregin. Hori dena egin ondoren, seinalatu egiten da pasabidea: zapaltzeko lekua marra zuriz margotu eta legez dagokion seinalea ipintzen da.

Obra hauekin konponbide bat eman nahi zaio udalerri barruan jende asko ibiltzen diren lekuetan gaur egun dagoen arazoari,  oinezkoen pasabideek leku horietako askotan Irisgarritasun Araudia ez dute betetzen eta.  

Modu honi esker bi helburu betetzen dira: alde batetik, gidariak  abiadura murriztera behartzea (horrela inor harrapatzeko arrisku gutxiago egongo da) eta, bestetik, orain arte alderik alde jartzen ziren banda horiek baino sistema goxoago bat jartzea, ez haiek bezain agresiboa. Gainera, pasabide goratua espaloiaren maila berean geratzen denez, mugikortasun murriztuko pertsonei erraztu egiten zaie irispidea.

Jarduketa hauek egiteko ipiniko den dirua Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean lortutako akordiotik datorrena da, zeinari esker Udalak, aurtengo Aurrekontuetan 1.900.000 euro dituen "Hiri-inguruneak eta irisgarritasuna hobetzeko" lanetarako.  

etiketak: , ,