Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Juan San Martin Liburutegia herritarrentzako topagune gustukoenetako bat bihurtu da

Eibarko Juan San Martin Liburutegia herritarrentzako topagune gustukoenetako bat bihurtu da

Juan San Martin Udal Liburutegia.

2016/03/11

2015ean 130.472 bisita izan ditu, aurreko urtean baino % 2,04 gehiago. Bisitari gehien arratsaldez bertaratzen da; goizeko ordutegian ere bisitari kopuruak gora egin du pixka bat. 73.780 dokumentuk osatzen dute funtsa, 2014an baino % 2,8 gehiago, eta biztanleko dituen dokumentu kopuruari dagokionez puntu baten baino gehiagotan gainditzen ditu Euskadiko eta Estatuko datuak.

Juan San Martin udal-liburutegiak jakitera eman ditu gaur ostirala, martxoak 11, 2015. urtean emandako zerbitzuen eta jardueren erabilera-datuak. 130.472 izan ziren liburutegira egindako bisitak; aurreko urtean baino % 2,04 gehiago. Datuek erakusten digute erabiltzaileak arratsaldeko ordutegian joaten direla sarrien (75.539 pertsona), baina goizean bertaratzen diren bisitarien kopuruak ere gora egiten jarraitzen du (52.473). Bestalde, liburutegian inskribatutako erabiltzaileak 11.147 izatera iritsi ziren, hau da, Eibarko biztanleriaren % 40,54.

2015eko txostenaren daturik positiboena liburutegiko funtsak eman du; izan ere, abenduaren 31n dokumentuen kopuru osoa 73.780 izan zen, 2014an baino % 2,8 gehiago, eta puntu baten baino gehiagotan gainditu zituen Euskadiko eta Estatuko zenbatekoak, biztanleko dituen dokumentu kopuruari dagokionez.

Webgunera, blogetara eta OPACera egindako bisitak

Webgunera eta blogetara egindako bisitei eta OPACeko kontsultei dagokienez, 2015ean lortutako datuak ere pozik egoteko modukoak dira. Eibarko Udaleko Kultura micrositeean dagoen Liburutegia atalean, 4.516 bisita erregistratu ziren gaztelaniazko orrian, 2015eko uztailean sortu zenetik, eta sailik bisitatuenak hauek izan ziren: katalogoa, informazio orokorra, zerbitzuak eta erabilera, online zerbitzuak eta baliabideak Interneten. Euskarazko orrietara egindako bisitak 2.310 izan ziren, eta herritarren artean interes handiena eragin zuten sailak gaztelaniazko bertsioko berdinak izan ziren.

Helduen blogean ikusitako orrien kopuru osoa 28.273 izan zen, eta umeenean 5.993 izan ziren ikusitako orriak. Bestalde, OPAC katalogoan 10.057 bilaketa egin ziren.

Mailegua

2015ean egin ziren ohiko maileguak ere aurreko urtekoak baino ugariagoak izan ziren: 41.859 dokumentu eman ziren, hau da, 2014an baino % 1,74 gehiago. Mailegu digitalaren atalean, aldiz, erabiltzaileek 957 liburu deskargatu zituzten eliburutegiatik. Hori horrela, Eibar da zerbitzu honen bitartez deskarga gehien egiten dituzten hirien artean bosgarrena, Erkidegoko hiru hiriburuen eta Getxoren atzetik.

Patxi Lejardi Eibarko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziaren esanetan, “helburu nagusia da Liburutegia topaleku bihurtzea, topaleku fisikoa zein birtuala, eta liburutegien arloan herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea, irakurzaletasuna, ikaskuntza etengabea eta kultura-zabalkundea bultzatuz. Halaber, liburutegiak gordetzen duen tokiko funtsa ikasteko eta ikertzeko aukera eman nahi da eta informazio-teknologietarako sarbide gunea bilakatu”.

Liburutegitik gogorarazi nahi digute, gaur egun, irakurzaletasuna bultzatzeko hainbat jarduera daudela finkatuta: “Liburua, kulturarako sarbidea”; “Zapatuko ipuina”; irakurketa-klubak, umeentzat eta helduentzat; hitzaldiak eta liburu-aurkezpenak; besteak beste.

2015eko urteko txostena kontsultatzeko, interesatuek hona jo dezakete: http://www.eibar.eus/eu/kultura/jsm-liburutegia/informazio-orokorra/zenbakitan, udal-webguneko Kultura microsite berrian.

Ordutegia

Liburutegiaren ohiko ordutegia (urritik ekainera) honako hau da: helduen liburutegia, astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era; zapatu, domeka eta jaiegunetan, 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara. Gainera, azterketa-garaian ordutegi berezia dago ikasleentzat: 09:00etatik 20:30era (eguerdian itxi gabe).

Umeen liburutegiak, aldiz, honako ordutegi hau dauka: astelehenetik barikura 16:30etik 20:00etara, eta zapatu, domeka eta jaiegunetan, 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara.

Udako ordutegia (astelehenetik barikura) hauxe: uztailean, 09:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:30era; abuztuan, 09:00etatik 13:30era, eta itxita egoten da hilaren 10etik 23ra.