"Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025" dokumentuaren inguruan Euskara batzordekideek egindako adierazpenak jaso dira

2016/09/28
Patxi Lejardi (PSE-EE), Igone Lamarain (EH Bildu), Eva Juez (Eibarko EAJ-PNV) eta Maria Jesus Aguirre (Irabazi).

Patxi Lejardi, Euskara Batzordeburua             

"Udalbatzak aho batez onartutako euskararen plan estrategikoaren gainean nik azpimarratu nahi dudana hauxe da: ez dela Udalarena bakarrik, Eibarko herriarena izateko jaio dela. Herri honetako elkarte, erakunde eta eragile askoren partaidetza eta konpromisoa eskatzen du, datozen 10 urteetan planean jasotako helburuak lortu nahi badira. Helburua zein den jakinda indarrak, gogoak eta ilusioak batu behar ditugu, denen beharra izango dugu-eta".

 

Igone Lamarain (EH Bildu)

"Badira azkeneko urteotan Eibarko Udalak hartu dituen azpimarratzeko moduko neurriak, barne mailan urrats garrantzitsuak ematen lagundu dutenak. Baina alde handia dago Udal barruan eta kanpoan egindako lanaren artean. EBPNa hasiera, ESEP ostean, urteak daramatza Udalak Jaurlaritzaren Planak garatzen. Erabilera datuei erreparatuta, eraginkortasunean hobetu behar dutenak. Ibilbide handia egin du Eibarko Herriak Euskaraz Bizi ahal izateko helburuarekin euskalgintza, herritar eta eragileen eskutik. Plan honetan euren ekarpena egin dute, ibilbide horretan indargune izan behar du Euskararen Plan Estrategikoak. Baliabideak jarriko ditu Udalak horretarako, eta elkarlanean, urrats erabakigarriagoak ematea du helburu. Azken finean, aldaketa soziala eragin nahi dugu eta ezinbestekoa da konpromiso politikoa horretarako. Baita Udala eredu izatea ere".

 

Eva Juez (Eibarko EAJ-PNV)

"Plana eginda dago eta uste dut lan bikaina egin dela. Orain erronka bertan islatzen diren neurriak eta ekintzak aurrera eramatea izango da. Eibarko herriaren plana da, eibartarrena. Benetan eskertzekoa da prozesu honetan parte hartzen duten eibartarrek eta eragileek egin duten lana. 

Euskara gure altxorra da eta euskaraz berba egin eta bizi nahi dugunon eskubideak bermatuak izan behar dira. Ezin dugu gure hizkuntza politikoki erabili; aberastasuna da guretzat, aberastasun kulturala.

Euskararen ezagutza aurrera doa baina erabilera ez da lar zabala. Egin dezagun euskaraz, egunero. Gure gazte, nerabe eta haurren eredua gara. Euskaraz 365 egun!!!".

 

Maria Jesus Aguirre (Irabazi)

"Asko poztu nau Euskararen Plan Estrategiko hau onartu izanak, eta gehiago oraindik ni euskaldun berria izanda, Plan honek demaseko aukera ematen didalako halako giro euskaldun eder  batean murgiltzeko. Euskaraz jardutea, gure hizkuntza goraipatzea eta euskararen alde egitea: horixe da gure egitekoa, horixe gure zeregina. Euskara kontu guztietarako erabiltzea: kalean, etxean, udaletxean, dendan, kirolean, hezkuntza alorrean…

Ni, nire aldetik prest nago dakidana praktikara eramateko eta nire eguneroko  jardunean euskara erabiltzeko. Euskarari gogor eutsi behar diogu denon artean!".