Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko herri-ikastetxeak hobetzeko 1,5 milioi eurotik gorako inbertsioak egin ditu Udalak azken zazpi urte hauetan

Eibarko herri-ikastetxeak hobetzeko 1,5 milioi eurotik gorako inbertsioak egin ditu Udalak azken zazpi urte hauetan

San Andres ikastetxea. Artxiboko argazkia.

2017/05/05

Aurten ere, herriko hainbat eskolatan egingo dira hobekuntza-lanak, esate baterako, Sansaburun, hango patioa estali egingo baita. Herriak berak jarriko du obra hori egiteko behar den diru guztia (160.000 euro), izan ere, Eusko Jaurlaritzari agortu egin baitzaio horrelako gastuetarako zuen dirua, eta ez du partida handitu.

Eibarko Udalak,  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean arituta, azken zazpi urte hauetan 1,5 milioi eurotik gorako hobekuntza-lanak egin ditu  herriko ikastetxe publikoetan. Aurten, 2017 honetan, 220.000 eurotik gorako inbertsioak egingo ditu hainbat ikastetxetan.

Eusko Jaurlaritza da titularitate publikoko ikastetxeetan inbertsioak egiteko eskumena duena; Udalari arlo horretan egitea dagokion gauza bakarra mantentze-lanen ardura hartzea da. Hala ere, badago erakunde bien arteko konpromiso bat eskoletarako programatutako inbertsio horietako askori erantzuteko: Hezkuntza Sailak inbertsioaren % 60ari dagokion diru-laguntza ematen du, eta gainerako % 40 Udalak ipintzen du.

Ikastetxeetako instalazioek duten konponketa- edo hobekuntza-premiak ezagutzeko, Udalak aldiro-aldiro bilerak egiten ditu ikastetxeekin, eta eskoletako arduradunek berek proposatzen dituzte egin behar inbertsioak edo hobekuntzak. Guraso elkarteekin ere elkartzen da Udala, haien eskaerak ezagutzeko.

2009an obra txikiak egin ziren San Andres, Amaña, Urkizu, Arrateko Andra Mari eta Federico Mayo ikastetxeetan, 340.000 euroko obrak; eta San Andres eskolaren fatxada goitik behera berriztatu zen, kostua 374.000koa izanik.  2010ean 156.000 euro inbertitu ziren hainbat  eskolatan: Iturburuko komunak berritu ziren; Amañakoan baranda ipini zen; Arrateko Andra Mari ikastetxearen patioa asfaltatu zen; eta Urkizun erradiadoreak aldatu ziren.

2011n Amaña, Arrateko Andra Mari, Urkizu, San Andres eta Iturburu ikastetxeetan eta HHE (helduen hezkuntza etengabea) zentroan hainbat hobekuntza-lan egin ziren; kostua, 76.000 eurokoa izan zen.  2012an hainbat gauza hobetu ziren Argatxako haurtzaindegian, Urkizu, Arrateko Andra Mari, San Andres eta Iturburu ikastetxeetan; Sansaburuko eskolaren patioan lurzoru irristagaitza jarri zen; HHE edo helduen etengabeko hezkuntza-zentroan bero-berreskuragailu bat jarri zen, eta Amañako eskolan gela bat eraberritu.   Obra horiek 160.000 euroko kostua izan zuten.

2013. urtean egindako hobekuntza-lanak honako ikastetxe hauetan egin ziren: Amaña, Arrateko Andra Mari, Argatxa, Iturburu, San Andres, Urkizu eta Sansaburu. Lan horiek 160.000 euro kostatu ziren. Hainbat inbertsio egin ziren 2014. urtean Argatxa, Sansaburu, San Andres eta Urkizu eskoletan, kostua 115.000 eurokoa izanik. Eta 2015. urtean Iturburu, San Andres eta Urkizu ikastetxeetan hainbat lan egin ziren, 140.000 euroko kostuarekin.

Duela gutxi Eibarko Udalak onetsi dituen urteko aurrekontuetan obra hauek daude sartuta: Arrateko Andra Mari ikastetxearen teilatu-hegalen konponketa (10.000 euro); Arrateko Andra Mari ikastetxeko komunak eraberritzea (15.000 euro); Argatxan mantentze-lan batzuk egitea; eta, azkenik, Sansaburu haurreskolako patioa estaltzea, 160.000 euroko kostua duen obra. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak komunikatu du ez duela Sansaburuko obra hori finantzatuko, horrelako jarduketetarako zuten partida beste proiektu batzuekin agortu delako.

Azken urte hauetan egindako lan edo obra horiez gain, Eibarko eskoletan beste hainbat obra txiki egin ditu Udaleko Zerbitzu sailak berak. Hari beretik, esan behar da urtero jartzen dela aurrekontu-partida bat eskoletan obra txikiak egiteko.

Hezkuntza elementu klabe gisa

Obretako zinegotziaren hitzetan “hezkuntzak sekulako garrantzia du norbere garapenean nahiz gizartearen desarroiloan; hezkuntza dugu aukera-berdintasunaren oinarri.  Gure herriko heziketarekin konpromisoa hartzea: horixe da gobernu-talde sozialistaren giltzarrietako bat; guretzat  lehentasunezkoak dira herriko ikastetxeak, eta, gerora ere, hala izango da. Horregatik, inbertitzen jarraituko dugu gure herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan; mantentze-lanak egiten segituko dugu ikastetxeak hobetzeko;  eta, hori guztia ikasleen ongizateari begira egiten dugu;  kalitatearen izenean. Beraz, sendoa da gure apustua: herri-ikastetxeetako instalazioak hobetzen jarraituko dugu inbertsio benetan handiak eginda, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin edo, zoritxarrez, aurten gertatzen ari den bezala, haren laguntza barik.”

etiketak: ikastolak, hezkuntza, Eibar