Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Bizikleta plaza urbanizatzea esleitu du Udalak, 283.400 euroan (BEZa barne)

2016/07/05

Ingurua goitik behera berriztatuko da, inpermeabilizatu eta zolatu egingo da, eta hiri-altxari berriak eta Toribio Etxebarria aldera babesak jarriko dira. Viconsa enpresak egingo ditu obrak. Aste honetan hasiko dira lanak, eta hiru hilabete eta erdi iraungo dute.

Eibarko Bizikleta plazan urbanizatze-proiektu garrantzitsu bat egingo da; aste honetan hasi, eta hiru hilabete eta erdi iraungo dute obrek. Galeriaseko parkea izenarekin ere ezaguna den plaza, Toribio Etxebarria kaleko eraikin baten gainean dago: duela gutxi arte El Corte Inglés zegoen eraikinean, eta Stradivarius denda jarriko dute hor, zenbait hilabete barru. Eibarko Udalak Viconsa SA enpresari esleitu dizkio lanak, 283.400 euroan (BEZa barne).

Udalak 374.967 euroan atera zituen lizitazioan lanak, eta, lizitazio-prozesua abiatu ondoren, eraikuntza sektoreko zazpi enpresa aurkeztu ziren. Kontratazio-mahaiaren iritziz, Viconsaren eskaintzak bete ditu ondoen baldintzak eta puntuaziorik altuena jaso du.

Orain esleitutako lanak dira parkea urbanizatzea, inpermeabilizatzea eta zolatzea. Halaber, hiri-altzari guztiak berrituko dira. Hiri erdian dagoenez, gazte askoren bilgunea da plaza, eta han mota guztietako jarduerak egiten dituzte.

Hori dela eta, hain zuzen ere, baloiak eta bestelako objektuak Toribio Etxebarria kalera ez jausteko, babeserako hesi bat jarriko da, altuera ezberdineko tutuez egindakoa; goiko partean, Eibarko mendien profila irudikatuko du, eta, beheko partean, koloretako LED-zerrendak izango ditu.

Arcadio Benítez Obretako zinegotzia esan duenez, “azken hilabeteetan goitik behera ari gara eraberritzen Eibarko parkeak. Horrela, iaz Txomoko beheko parkea urbanizatu genuen, Bidebarrieta kalearen atzeko partean, Udalak garrantzitsu baitzeritzon hura hobetzeari. Horren ondoren, aurten, goiko parkeari ekingo zaio; obra hori ere esleituta dago. Halaber, gauzatze-fasean daude Egigurendarren plaza eta Bidebarrietako lorategiak berritzeko obrak".

Eibarko Bizikleta plaza berritzeko obrak (eta Eibarko parkeak eta aisialdirako eremuak hobetzeko beste zenbait obra) egiteko dirua lortu da azpiegiturak hobetzeko eta eraginkortasun energetiko alorreko proiektuak gauzatzeko aurrekontuak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatuz.