Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko alkatearen balorazioa ona da agintaldiaren lehenengo urteari buruz

2012/05/25

Miguel de los Toyos alkateak dio krisialdian egon arren, udalaren egonkortasuna, hiritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ez moztea eta proiektu esanguratsuak aurrera ateratzea lortu dela

Eibarko udalean oraingo agintaldia hasi zenetik urtea igaro den honetan, Miguel de los Toyos alkateak  balantzea egin du eta, besteak beste, hauxe esan du: "krisialdia gogor astintzen ari bada ere", "udalaren egonkortasuna" lortu dela gestiogintzaren ikuspegitik; hiritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak “ez dira ahuldu edo kaltetu” eta, gainera, “proiektu eta ekintza esanguratsu batzuk aurrera atera ahal izan dira."

Miguel de los Toyos alkateak prentsaurrekoa eskaini du, joan zen urteko maiatzeko hauteskundeen ostean, Eibarko gobernu sozialistaren lehenengo urte honen berri emateko.  Kontuan hartu behar da -esan du- agintaldia krisialdiko testuinguru batetik abiatu zela, eta aurreikuspenek bestelakorik bazioten ere, "krisialdia ez da gainditzen" eta “oso era berezian eragiten dio udalaren kudeaketa-gaitasunari."

Egoera horren aurrean, Miguel de los Toyosen iritziz, orain dela urtebete udala egonkortasun bila hasi zen, eta horretarako negoziazioetan jarri zen udal ordezkaritza eskuratu zuten alderdi guztiekin, PPrekin egonkortasun itun bat lortuta, "aurrera egiten utzi diguna".  Gainera, 2012ko aurrekontuak aurrera atera zituen PPren aldeko botoari eta EAJ-PNVren abstentzioari esker. Horren inguruan alkatearen hitzak hauek izan dria: “eskertu egiten diet, erantzukizunez jokatu dutelako".

Krisialdiaren aurrean hartu zen neurririk berehalakoena Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza udal batzorde berria sortzea izan zen, “krisialdiarekin lotutako ekintza eta politika guztien artean koherentzia bilatu nahi du, prestakuntzan edo enpleguan esate baterako”, eta “udalak dituen ahalmenen barruan hartu ahal diren  neurri guztiak hartzen ahalegindu dira.”

Alkateak urte honetako lorpen handitzat dauka baita Udaletik hiritarren parte-hartzeari eman zaion bultzada, auzoz auzoko bilerak berreskuratuta. Horren gainean zera dio: “bilera horiek, gobernu-programarekin batera, udalaren ekintzarako gidalerrotzat balio digute". Bilera horietan 900 pertsonrk hartu zuten parte, eta 420 bat proposamen edo iradokizun egin ziren.

Miguel de los Toyosen iritziz, finantza- eta ekonomia-krisialdi gogor hau ez da eragozpen  izan udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu publikoak emateko orduan, zerbitzu guztiak mantendu izan baititu. “Hiritarrak, udalak eskaintzen dizkion zerbitzuetan, krisialdirik ez nabaritzea nahi izan dugu eta hori lortzen ari gara. Hiritarrei arreta normaltasunez eskaintzen ari zaie: kultura- edo kirol-instalazio publikoak badabiltza, kaleak garbitu egiten dira, zaborrak batu..."

Eta ez bakarrik hori. Administrazio publikoen inbertsio gaitasun apurrarekin –udalarena barne- ekintza esanguratsuak burutu dira; azken urte honetan hainbat proiektu atera dira aurrera.  Ildo horretatik, De los Toyos alkateak saihesbidearen hirugarren fasea martxan jarri izana azpimarratu du, Erisonoko Polo Teknologikoan egindako aurrerapenak edo azpiakutuen Eibarko  ospitalea egiteko eman diren  garrantzizko urrats guztiak.

Irisgarritasun proiektu batzuk ere amaitu dira: Barrena, Barakaldo eta Wenceslao Orbea kaleetako igogailu publikoak eta Mogeleko eskailera mekanikoak. Etxebizitzaren alorrean Asolaigartzako 84 BO etxebizitzak entregatu dira; Iparragirren beste 42 zozketatu dira. Gainera, hemendik denbora gutxi barru,  garrantzizko obrak hasiko dira egiten, esate baterako, Amaña auzoa Otaola hiribidearekin elkartuko duen oinezkoen pasabidea eta Estaziño kalea birmoldatu eta koexistentzia-kale bilakatzeko proiektua.

“Azkenean –esan du amaitzeko De los Toyos alkateak- geure buruari ezarri diogun betebehar horretatik, ez autoatseginkeriatik, azken urte honetan udalean lan egin dela eta gauzak egin direla badiogu ere, oraindik ahalegin handiagoa egingo dugu, krisialdian egon arren hiriak aurrera egin dezan."