Eibarko 24 gaztek, langabetuak eta formazio maila baxukoak, ostalaritza arloko formazio ikastaroa jasoko dute

2017/08/23
Udalak bultzatu duen programa da eta irailean hasiko da; guztira, 60 orduko ikastaroa izango da eta beste 20 orduko prestakuntza praktikoa enpresetan.

Eibarko Udalak, Burdingintza Integraleko Langileen Fundazioarekin elkarlanean, ikastaro bat antolatu du Eibarren bizi diren 30 urtetik beherako 24 gazterentzat; langabetuak eta formazio maila baxukoak izan beharko dira. Halaber, interesa izan beharko dute lan egiteko ostalaritzaren arloan. Asmoa da modu azkarrean lortzea ezagutza jakin batzuk eta gaitasun profesionalak, ostalaritzaren sektorean.

Ekintza formatiboak 60 orduko iraupena izango dute eta prestakuntza praktikoa enpresetan 20 orduko iraupena. Bi talde sortuko dira eta honako ekintza formatibo hauek garatuko dituzte: janari azkarrak eta edariak egitea; elikagaiak manipulatzeko akreditazioa; eta, jangela eta catering zerbitzua.

Eibarko langabeziaren ezaugarriak aztertuta, baita eragile ezberdinek martxan ipinitako ekimenak ere, programa honen bultzatzaileek ekimena aurrera eramatea proposatu dute; hala, langabezian dauden gazteen prestakuntza hobetzea lortuko da, baita gizartean eta lan munduan sartzea ere. Helburua da ekimenean parte hartuko duten gazteen % 50 lan munduan sartzea.

Programa martxan ipintzeko, lehendabizi, ikastaroan parte hartuko duten 24 gazteak hautatuko dira. Jarraian, enplegagarritasun diagnostikoa –norberaren konpetentzia eta gaitasun pertsonalak, sozialak eta profesionalak ezagutzea– eta lan munduan sartzeko plan pertsonalizatua egingo dira.

Ondoren, orientazio fasea izango da: banakako elkarrizketak; berdinen arteko orientazioa –taldeko lana coach baten zuzendaritzapean–; gaitasunen garapena eta entrenamendua –zortzi orduko tailerrak eta 24 ordu gehienez parte hartzaile bakoitzeko–; eta, erremintak eta teknikak.

Hurrengo fasea prestakuntza okupazionalekoa izango da. Bertan, aukera izango dute parte-hartzaileek gaitasun profesionalak modu azkarrean lortzeko. Modu horretan, ostalaritzaren sektorean sartzea hobetuko dute. Formakuntza amaitzen denean, lan munduan sartzeko jarraipen-fasea egingo da dagokion tutoretzarekin, lan munduan sartu dela egiaztatzen duen dokumentazioaren bilketarekin eta jarraipen-txosten batekin.

Lan munduan sartzeko programa irailean hasiko da eta orduan aurkeztuko da Eibarko Lanbideren bulegoetan. Eta, parte-hartzaileak aukeratzen diren bezain pronto, ikastaroa –praktikak barne– abendura arte luzatuko da.

Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzi sozialista den Alberto Albisteguiren hitzetan, "ekimenaren bidez bi gauza lortu nahi dira: lehenbizi, prestakuntza-espezializatua ematea langabezian dauden gazteei beren aukerak handitzeko lana topatzeko, eta, bigarrenez, ostalaritzaren sektoreak eskatzen dituen prestatutako pertsonak izatea".

Eibarko 24 gaztek, langabetuak eta formazio maila baxukoak, ostalaritza arloko formazio ikastaroa jasoko dute

Eibarko Udaletxea.