Eibar prest agertu da gerratik ihesi doazenak hartzeko

2015/09/02
Udalak, talde politiko guztien babesarekin, Europan bizitza berri bat hasi nahian dabiltzan iheslariak hartzeko borondatea azaldu du, eta UNHCRren bidez 2.000 euroko larrialdiko laguntza bat bideratzea erabaki du.

Ikusirik Siriako, Irakeko, Afganistango eta Saharaz hegoaldeko Afrikako gatazketatik eta bortxakeriatik ihesi doazen ehunka mila lagunek zer-nolako giza hondamendia duten, Eibarko Udalak elkartasunezko zenbait neurri hartzea erabaki du. Haien artean, iheslari horiek hartzeko Eibarko hiria eskaintzea da garrantzitsuena. Gainera, familia kaltetuei 2.000 euroko larrialdiko diru-laguntza bat ematea erabaki du, eta UNHCRren bidez bideratuko du.

Eibarko alkateak, Miguel de los Toyos jaunak, gainerako udal taldeetako ordezkariak batu ditu gaur (Bildu, EAJ eta Irabazi taldeetakoak), Udalak iheslarien egoera arintzen laguntzeko zenbait proposamen egiteko asmoz, eta talde guztiek onartu dituzte proposamenok.

Eibarko hiriaren izenean”, esan du De los Toyosek, “geure burua eskaintzen dugu zenbait iheslari hartzeko, hala behar izanez gero. Horretarako, Arrateko aterpetxea daukagu eskura”. Alkateak hainbat arrazoirengatik hartu du erabaki hori. “Eibarko herriak beti agertu izan die besteei elkartasuna, eta ekintzen bidez erakutsi behar dugu oraindino ere halakoxeak garela, nahiz eta gugandik aparte dauden egoerez ari garen”.

Elkartasunaz gainera, gure erantzukizuna ere hor dago”, gaineratu du, “eta giza hondamendi horri ezin diogu ez ikusiarena egin”. Azkenik, alkateak iritzi dio “arrazoi emozional bat” dagoela tartean, eta, alde horretatik, gogorarazi du orain dela hamarraldi batzuk eibartar askok ospa egin behar izan zutela gerra zela medio beste herrialde batzuetara eta herrialde haietan onartu egin zituztela.

Alkateak, gainera, gaur bertan 2.000 euroko larrialdiko diru-laguntza bat emateko agindua eman du. Diru-laguntza hori UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bidez bideratuko du Udalak. Izan ere, erakunde hori ari da egoera bertatik bertara zaintzen, eta iheslarien artean janaria, ura eta higienerako gaiak banatzen eta aholkuak ematen dihardu, haien beharrak zein diren ikusiz. Horrez gainera, iheslariak iristen ari diren herrialdeetako gobernuekin elkarlanean ari da UNHCR, harreraren baldintzak hobetzeko asmoz.

 “Europako herrialde bakoitzak”, esan du Miguel de los Toyosek, “etorkin kopuru bat hartu behar ei du (kontzeptua bera ere dramatikoa iruditzen zait, pertsonei buruz ari baikara eta ez zenbakiei buruz) Espainiako herri bakoitzak keinu txiki bat eginez gero, Eibarren egin gura dugun legez, problema barik onar liteke iheslari kuota hori. Gerraz batez gabiltza berba egiten, eta ezin dugu ez ikusiarena egin: betebehar moral bat dugu”.