Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak “Txopitea eta Pakea” saria Eibar Kirol Elkarteari emango dio domeka honetan -urriak 18- izango den kontzertuan, aurten betetzen baita taldearen 75. urteurrena

2015/10/09

Oteizak egindako eskulturaren erreplika Sostoa Abesbatzak eta Cielito Musika Bandak eskainiko duten emanaldian bertan entregatuko zaio SD Eibar Kirol Elkarteari joan zen urtean Lehen Mailara igo zelako eta aurten 75 urte betetzen dituelako. Musika emanaldi eder hori domekan izango da, urriaren 18an, eguerdiko 12:30ean. Sarrerak Coliseoko txarteldegian eta sarean egongo dira salgai urriaren 12tik aurrera, euro 2tan.

Eibarko Udalak “Txopitea eta Pakea” saria Eibar Kirol Elkarteari emango dio datorren domekan, urriaren 18an, Sostoa Abesbatzak eta Cielito Musika Bandak eskainiko duten emanaldian. Kontzertua Eibar Kirol Elkarteak antolatu du bere 75. Urteurrena ospatzeko.

SD Eibar Kirol Elkarteari sari hori emateko erabakia Udal Gobernu Batzarrak hartu zuen joan zen urtean, taldea Lehen Mailara igo zela jakin eta handik egun gutxi batzuetara erabaki ere, gertakizun historikoa izan baitzen hura.  Aurten, SD Eibar Kirol Taldearen 75. urteurrena ospatzen denez, Eibarko Udalak ere ospatu nahi du urteurren seinalatu hori eta Elkarteari omen egin nahi dio ekitaldi horretan, non ordezkari politikoak eta kirol esparruko hainbat pertsona ospetsu izango diren.       

Miguel de los Toyos alkateak hauxe zioen ekitaldiaren harira: "Sari hau ematean gure asmoa ez da bakarrik SD Eibar Kirol Elkarteak egin duen eta egiten ari den ibilbide eredugarria  saritzea,  Eibarko Udalak, batik bat, Talde horri ondo merezia duen aitormena eman nahi dio, jaio zenetik hona, beti,  umiltasun osoz, ahalegin handiz eta ekinaren ekinez jardun duelako.  Taldearen balio horiek dira, Lehen Mailan egoteak ematen dion aukerarekin batera,  gure hiriko mugarrietatik kanpo ikusten direnak, beste herri eta hiri askoren ezagutza ematen diotenak.”

Esan bezala kontzertua Coliseo Antzokian izango da domeka honetan, 12:30ean; hantxe entregatuko da saria. Sarrerak Antzokiaren txarteldegian egongo dira salgai ondoko egun eta ordu hauetan: ostiralean, urriak 16, gaueko 9etatik 10etara bitartean; domekan, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik. Bestalde, astelehenean, urriak 12, jarriko dira baita salgai sarean, kutxabank.es atarian.

15 urte baino gehiago eibartar askoren eginak eta merezimenduak saritzen.

“Txopitea eta Pakea” golardoa, Oteizak Daniel Txopitea margolari eibartarraren omenez egin zuen eskulturaren erreplika, Eibarko Udalak bertako hiritar eta talde ospetsu eta garrantzitsuenei ematen dien saririk esanguratsuena eta aitormenik handiena da.

Eibarko hiriari saria jaso duten pertsona eta erakunde guzti horiek eman dioten ospea eskertzeagatik eta bizitzan zehar erakutsi duten jardunbide apartagatik, gutxi batzuk aipatzearren, hona hemen 1998az geroztik "Txopitea eta Pakea" saria eskuratu izan duten pertsona eta erakunde batzuk: Juan San Martin zena, idazlea; Javier Aguirresarobe argazkilaria; Eibarko Antzerki Jardunaldiak; Juan Ortega eta Txema Cornago zena; Iñaki Bolinaga zena, JD Arrate eskubaloi taldearen presidente-ohia; Ander Romarate igerilari paralinpikoa; ONCEa; Roberto Etxeberria diseinatzailea;  Asier Cuevas korrikalaria.