Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar-Iruñea autobus-linean kendutako zerbitzuak berriz martxan jartzea eskatu dio Eibarko Alkateak Sustapen-Ministeritzari

2015/10/29

Alkateak Ministerioaren Lehorreko Garraioko Zuzendaritza Nagusiari igorritako gutunean honako eskaera hau egin dio: eguerdian eskainitako zerbitzuak berreskuratzea, eta domeketan Eibartik 18:00etan irteten zen autobus zerbitzua ere berriz martxan jartzea. Halaber, Batzarretako Sozialisten Taldeak, Eneko Andueza bozeramailearen bitartez, ebazpen-proposamen bat egin du. Zerbitzuen aldaketak Sustapeneko Ministeritzak autobus-linearen prestazioa lehiaketara atera zuenean hasi ziren. Egun, PESA konpainiak eskaintzen ditu aipatutako zerbitzuak.

Espainiako Gobernuaren Sustapeneko Ministeritzara igorritako gutunean, Eibarko Alkateak, Miguel de los Toyosek, honako eskaera hau egin du: Lehorreko Garraioko Zuzendaritza Nagusiari Eibar-Iruñea autobus-linean kendu dituzten zerbitzuak berreskuratzea, autobus-linearen prestazioa lehiaketara irten eta gero. Lehiaketa horren baldintzen artean, zerbitzuaren murrizketak zehazten ziren.

Lehiaketaren ondorioz, aurreko lerroetan aipatutako linea EDSA enpresari eman zitzaion. Alabaina, ALSA konpainiak emaitza horren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Gauzak horrela, gertakari horrengatik lehiaketa bertan behera geratu da apelazioaren ebazpena izan arte. Eta, hemendik aurrera, PESA enpresak eskainiko du zerbitzua, behin-behinekoz. Hala, Ministeritzako eskaintzan azaldutako baldintza berriei erreparatuz, egun, goizeko zerbitzu bakarra eskaintzen da; zerbitzu hori Eibartik 07:45ean irteten da eta 10:05ean iristen da Iruñeara. Iruñeatik Eibarreraino doan autobus zerbitzua, berriz, 11:00etan irten eta 13:15ean iristen da gure hirira.

Aldaketa horiek, Eibarrek eta Iruñeak elkarrengandik duten gertutasuna kontuan izanda, eta egunero hiri bien artean dagoen desplazamendu kopuru altua aintzat hartuta, egunero zerbitzu hori erabiltzen duten eibartar asko kaltetu dituzte.

Modu horretan, eibartarren desplazamenduetan zerbitzuaren murrizketak izaten ari den eragina, eta autobus-linea horretako erabiltzaileen beharrak asetzeko asmoz, Eibarko Alkatetzak guztiz beharrezkotzat jotzen du zerbitzuak atzera ere martxan jartzea, kendu baino lehen zehaztuta zeuden baldintza berberetan.

Orain arte aipatutako eskaera Batzar Nagusietara ere zabaldu da, Batzarretako Sozialisten Taldeak, Eneko Andueza bozeramailearen eskutik, gaur goizean egindako ebazpen-proposamenaren bidez.