Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar eta Ermua "Ciencia en Acción" XVIII. edizioaren egoitza nagusi izango dira

2017/01/16

Programaren helburua da zientziaren komunikazio soziala sustatzea, zientziaren irakaskuntza berritzea eta hori nahiz teknika modu errazean gizartera zabaldu eta hedatzea.

Eibarko eta Ermuko Udalek XVIII. "Ciencia en Acción" nazioarteko programaren aurtengo edizioa hartuko dute eta fase finalaren egoitza izango dira urriaren 6tik 8ra bitartean, biak barne. Ekimenaren helburua da zientziaren komunikazio soziala sustatzea, zientziaren irakaskuntza berritzea eta hori nahiz teknika modu errazean gizartera zabaldu eta hedatzea. Programak heziketa zientifiko eta horren zabalkunderako plataforma eskaintzen du, ekimena hedabide eta ikastegientzat, nahiz hezkuntzaren maila guztietako irakasleentzat –unibertsitatea barne-, adin eta maila guztietako ikasleentzat zabalik dagoelarik. Programak zientzian trebatu eta hori hedatzeko plataforma eskaintzen du, portugesez nahiz gaztelaniaz hitz egiten dugun herrialdeentzat.

Ermuko Izarra Centre eraikinaren auditorioak hartu zuen programaren aurkezpen ekitaldia aurreko ostiralean, urtarrilak 13. Bertan hartu zuten parte Eibarko Miguel de los Toyos eta Ermuko Carlos Totorika alkateek, baita Alberto Albistegui (Eibar) eta Juan Carlos Abascal (Ermua) zinegotziek ere.

XVIII. edizioak "Ciencia en Acción" eta "Adopta una estrella" izeneko atalak hartzen ditu bere gain eta Eibar eta Ermuan ospatuko da urriaren 6tik 8ra bitartean. Jarduerak Eibarko Coliseo Antzokian eta Ermuko Izarra Centerren gauzatuko dira.

Eibarrek eta Ermuak erakunde publiko eta pribatu askoren babesa izango dute programa aurrera ateratzeko, esaterako, CSIC, Lilly Fundazioa edo Fisika, Kimika eta Astronomiako elkarte espainiarrak, besteak beste. Hurbileko kolaboratzaileen artean ere aipatzekoak dira EHU eta Tekniker eta enpresen artean Tenneco edo Alfa Taldea. Ermuko eta Eibarko Udalek “Ciencia en Acción” antolatzen duen erakundearekin lankidetza hitzarmena sinatuko dute.

Helburuak

Programak, halaber, honako helburu hauek jarraitzen ditu: zientzia herritarrentzat erakargarriago egiteko ideia berritzaileak lantzea; hezkuntza maila ezberdinetan eta kurrikuluaren barne dauden edukien osagarri izango diren material pedagogiko erabilgarri anitz eta kalitatezkoak prestatzea; hezitzaileen artean zientziarekiko interesa pizten zabaltzea, ikasgeletan eta ikasleen artean zubi lan aktiboa egin ditzaten; herritarren artean zientziaren kultura gehiagotzea; gizarteak aurrera egiteko eta pertsonen ongi izatea lortzeko zenbaterainoko garrantzia duen agerian jartzea.

Heziketa Zentroekin bilera

Halaber, Eibarko Udalaren Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza sailak hiriko heziketa zentroei zuzendutako bilera bat antolatu du bihar asteartea, urtarrilak 17, 16:00etan, Udaletxearen Udalbatza Aretoan, "Ciencia en Acción" programaren nondik norakoak aurkezteko eta proiektuaren barruan kokatutako ekimenen egutegia zehazteko.

etiketak: Akzioa, Zientzia, Eibar, Ermua