Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Debabarreneko I. Gazta Jardunaldiak hartuko ditu Eibarrek

Debabarreneko I. Gazta Jardunaldiak hartuko ditu Eibarrek

Debabarreneko I. Gazta Jardunaldiak aurkezteko antolatu den prentsaurrekoan parte hartu dutenak.

2016/10/10

Urriaren 13tik 16ra bitartean hainbat ekintza garatuko dira eskualdeko artzaintza eta artzainek burutzen duten lana ezagutzera emateko asmoz.

Eibarko Udalak, Debemen (Debabarreneko Landa Garapen Elkartea) elkartearekin batera, eta Eibarko Mireia Alonso sukaldariarekin lankidetzan, Debabarreneko I. Gazta Jardunaldiak antolatu ditu urriaren 13tik 16ra bitartean, Debabarreneko artzaintza eta gure artzainek burutzen duten lana ezagutzera emateko xedearekin.

Egitarau zabala

Urriaren 13an, Eibarren egingo den pintxopotean ondorengo gaztak dastatzeko aukera egongo da: Ardi Gazta: Egixa Gazta. Haritz Sodupe (Itziar); Ardi Gazta: Enrike Gisasola. Sosola Gazta. (Eibar); Ardi Gazta. Iñaki Ansola. Mausitxa Gazta. (Elgoibar); Ardi Gazta. Beñat Egaña. Goienetxe Gazta. (Mutriku); Ahuntz Gazta. Nagore Martín. Egotza Gazta. (Soraluze); Behi Gazta. Mallegoi Gazta. Ruben Markina. (Mallabia). Ekimenean parte hartuko duten tabernak honako hauek dira: Portalea, Boulebard, Hirurok, Afrikan Haritza, Zuberoa, Beleko, Kontent, Kultur, Koxkor eta Arkupe.

Egun bat beranduago, urriaren 14an, 19:30ean, Eibarko Udaletxean, Idiazabal Jatorri Izendapena duen gazta dastaketa gidatua egingo da. Dastaketa Idiazabal Jatorri Izendapeneko katatzaile ofizial eta datorren azaroaren 16tik 18ra bitarteab Donostian ospatuko den International Cheese Jaialdiko epaimahaikide den Mª Victoria Urrestik zuzenduko du. Gaztak baloratzerakoan Idiazabal J.I.ak erabiltzen dituen irizpideak ezagutzeko aukera izango da.   Bestalde, Debabarreneko sei gaztagileak ere bertan izango dira eta beraiek egiten dituzten gazten ezaugarri eta berezitasunak azalduko dituzte. Ekimenean parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izenea ematea Portaleara deituta (943-708439) urriaren 13a baino lehen. Plazak mugatuak dira.

Debabarreneko I. Gazta Asteari bukaera emateko, urriaren 16an Untzaga plazan ipiniko den karpan Debabarreneko Gazta Azoka ospatuko da. Bertan, aurreko lerroetan aipatu diren gaztagileek hartuko dute parte eta eskualdeko baserritar gaztagileak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da. Azoka horretan, gazta erosteko aukera egongo da, baita gaztagileak ezagutzeko ere. Gainera, interesa duenak beraien produkzioa eta artzaintzari buruz sortzen diren zalantzak zuzenean argitu ahal izango ditu eta 5 euroren truke azokan parte hartzen duten gaztak dastatzeko aukera izango du.

Bestalde, 11:00ak aldera, Eibarko Mandiola Goikoa baserriko artaldea Matsariara iritsiko da eta, Eibarko kaleak gurutzatuz, Untzagaraino joango dira.   Ardiek burutuko duten ibilbidea honako hau da: Matxaria, Ibargain, Blas Etxeberria (Pagei), Coliseoko atzekaldea, Errebal, San Juan, Untzaga. Bueltan, berriz, Kalbeton, Bidebarrieta, San Agustin, Coliseo, Blas Etxeberria, Ibargain, Matxaria zeharkatuko dituzte. Ekintzaren segurtasuna bermatzeko ardiek egingo duten ibilbidera hurbilduko diren txakur jabeei txakurrak lotuta eta kontrolpean izan ditzatela eskatzen zaie.

Egun horretan, 11:00etatik aurrera, eta Untzagako karpan bertan, ondorengo erakustaldiak eskainiko dira:

  • Ogia egitearen prozesua, Eibarko Sosola baserriko Aizpearen eskutik.
  • Gazta egitearen prozesua, Elgoibarko Mausitxa baserriko Iñaki Ansolaren eskutik  
  • Artilea lantzearen prozesua eta tintaketa Eibarko Miren Torrealday “ardilanak”-en eskutik. Tintaketa produktu naturalez egingo da, hala nola, kipula azala, intxaur oskol azala ….