Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Debabarreneko 2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoa gauzatu da dagoeneko

Debabarreneko 2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoa gauzatu da dagoeneko

Debabarreneko 2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategiko berriaren aurkezpeneko irudia.

2017/06/09

Azken urteotan turismoaren arloan eman diren aldaketa nabarmenak kontuan izanda, turismo-helmuga lehiakor eta iraunkor bat lortzeko bidean pauso bat aurrera egitea du xede. Dokumentua eskualdeko sektore turistikoarekin batera landu da; 8 udalerrietako ordezkari politikoek eta Debabarreneko eragile publiko eta pribatuek parte hartu dute. Halaber, Eibarko Udala lanean ari da Turismo Bulego bat izateko hirian.

2017ko ekainaren 8an, ostegunez, Mutrikuko Arbe Hotelak Debabarreneko 2020ra bitartekoTurismo Plan Estrategiko berriaren aurkezpena hartu zuen. Debegesaren ekimenez landu da. Ekitaldian izan dira eskualdeko alkate eta ordezkari politikoak –Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze–, Debabarreneko eragile eta baliabide turistikoak zein erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak. Eibarko Udalean Ekonomia, Enplegua eta Berrikuntzako zinegotzi den Alberto Albistegui ere bertan izan zen.

Turismo Plan berrian jasotzen denez, dokumentuakazken urteotan turismoaren arloan eman diren aldaketa nabarmenak kontuan izanda, turismo-helmuga lehiakor eta iraunkor bat lortzeko bidean pauso bat aurrera egitea” du xede.

Funtsean, Debabarreneko eskualdea “nortasun propiodun turismo-helmuga” izatea lortu nahi da, horretarako, “sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bilatuz, turismo jardueraren hazkunde iraunkorra erdiesteko helburuarekin, eskaintza zabal, erakargarri eta kalitatezko bat sustatuz”.

Bost ildo estrategiko

Debabarreneko 2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoak hiru erronka nagusi biltzen ditu: lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ereduaren aldeko apustua; Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen barruan Debako eta Mutrikuko herrien posizionamendua sendotzea, nortasun eta diskurtso propioekin; eta, hirugarrenik, bisitariak kostaldeko herrietatik barnealdera erakartzeko produktu eta esperientzia turistikoen garapena.

2020 urtera begira, Turismo Plan berri honek bost ardatz estrategiko ditu: planifikazioa, antolakuntza eta kudeaketa, kudeaketa-ereduan eragin nahi du, egungo errealitatera eta antzemandako beharretara egokituz; gainera, eragile nagusi ezberdinek jokatu beharreko eginkizuna definituko luke, toki mailan, eskualde mailan zein eskualdeaz gaindiko erakunde eta administrazioek; eskualdeko turismoaren egoera, konektibitatea, irisgarritasun unibertsala, irisgarritasun teknologikoa, azpiegiturak, helmugako harreraren hobekuntza eta ondare-baliabideak balioan jartzeko ekintzekin lotua; eskaintza eta produktu turistikoaren hobekuntza eta garapena, programa propioak landu Debabarrena turismo-helmuga “produktuanitza” den heinean; marketing turistikoa, irudia, marka, komunikazioa eta helmugaren sustapena; lehiakortasuna, prestakuntza sustatuz eta enpresak eratzeko eta indartzeko ekintzak burutuz, hala nola, Eusko Jaurlaritzak eta Basquetourrek eskaintzen dituzten kalitate-programen bidez (SICTED, IKT, Ekoetiketak…) etengabeko hobekuntza bultzatuz.

Eskualdearen balioa azpimarratu kalitatezko turismo-helmuga gisa

Debabarrena turismo-helmuga “produktuanitz” gisa aurkezten da; bere baitan baliabide eta produktu turistiko anitz biltzen dira.

2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoak eskualde mailan turismo mota jakin batzuk erakartzeko sortu eta garatu beharreko produktu eta esperientziei buruz ere hitz egiten du; turismo kulturala, museoak, gastronomia, azoka eta ondare kulturalaren inguruan; turismo aktiboa eta natura turismoa, eskualdean ditugun natur baliabideak, ibilbideak, hondartzak, eta bailarak nabarmenduz; familia turismoa, eskualdean aukera handiak eskaintzen dituena; kirol turismoa, erro sakonak dituena gure eskualdean txirrindularitza edota futbola dela, SD Eibar adierazgarri nagusi; eta, negozio turismoa, zeinaren gainean lanean hasita gauden.

Eibarko Udalak, bere aldetik, hiriko turismoa sustatze aldera lan handia egin du azken urteotan. Horren adibide da Arraten kokatuta dagoen Gerra Zibileko Interpretazio Zentroa. Gainera, udalean turismo teknikari bat ari da lanean, besteak beste, hirian sortuko den Turismo Bulegoa ipintzeko abian.

Erlazionatutako albistea

Eibarrek Turismo Bulegoa izango du