Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

DBE edo DBL jasotzen duten familietako seme-alaben eskolaz kanpoko jardueretako matrikularen % 100aren diru-laguntza jasotzeko epea zabalik

2017/09/21

Udalak bermatu nahi du ez dadila geratu 5 urtetik 18 urte bitarteko adingabe bat bera ere, arrazoi ekonomikoengatik, eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeke. Jarduera bakar bat lagunduko da diruz seme-alaba bakoitzeko. Hauek dira diruz lagunduko diren programak edo jarduerak: Afariketan, Multikirolak eta Jazinto Olabeko ludoteka.

Eibarko Udalak irailaren 29ra arte zabaldu du epea diru-laguntza deialdira jotzeko; deialdiaren bidez lortu nahi da Diru-sarrerak bermatzeko Errenta (DBE) edo Diru-sarrerak bermatzeko Laguntza (DBL) jasotzen duten Eibarko familietako seme-alabek eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu beharrik izan ez dezaten. Hain zuzen ere hauek dira eskolaz kanpoko jardueratzat jotzen direnak: eskola-kirolaren Multikirolak deritzon programa, aisialdirako Afariketan programa edo Jazinto Olabeko ludoteka

Abuztua ezkero dago epea zabalik, baina Udalak ikusi du oraindik asko direla diru-laguntza hauek jasotzeko aukera izan eta beharrezkoa den tramitazioa egin ez dutenak; horregatik, Gizartekintza sailak onuradun izan daitezkeenei gogorarazi nahi die hil amaiera arte garaiz dabiltzala eskaera egiteko. Izan ere, Udalak eskutitz bat bidali die iaz deialdian parte hartu zuten familiei, eta, aurten ere eskatutako baldintzak betez gero laguntza hori jaso dezaketela jakinarazten zaie.

Diru-laguntza hau jasotzeko, eskaera egiten duen pertsonak baldintza batzuk bete behar ditu. Lehenengo baldintza: Eibarko udalerrian erroldatuta egotea eskaera-epea hasten den egunaren aurreko sei hilabeteetan gutxienez. Bigarrena: 2017ko urtarrilaren 31n, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta baten edo Diru-sarrerak Bermatzeko laguntza baten titularra izatea. Eta hirugarrena: bere ardurapean edukitzea 5 urte edo gehiagoko eta 18 urte baino gutxiagoko adingaberen bat.

Adingabeak ere Eibarko udalerrian erroldatuta egon behar dira deialdian ezarritako eskaera-epea hasten den egunaren aurreko sei hilabeteetan gutxienez, eta diruz lagunduko diren eskolaz kanpoko jarduera publiko horietako batean matrikulatu. Eskaera gauzatzeko dokumentu batzuk ekarri behar dira. Deialdiaren oinarrietan azaltzen da zein dokumentu diren; denak bildu ondoren, Pegorara ekarri

Jazinto Olabeko ludotekaren kasuan, Udalaren diru-laguntza 50 eurokoa da Haur-hezkuntzako umeentzat eta 75 eurokoa Lehen Hezkuntzakoentzat. Afariketan programara joateko diru-laguntzaren zenbatekoak: 50 euro (Haur-hezkuntzako 3. mailako umeak) eta 75 euro (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako umeak). Multikiroletarako diru-laguntza 90 eurokoa da (matrikularen prezioa).

Udal laguntzen programa honi buruzko Oinarrietan zehaztuta datorren moduan, ume bakoitzeko jarduera bakar bat lagunduko da diruz (ludoketa, Afariketan edo Multikirolak). Laguntzen tramitazioa errazteko eta familiak dirurik aurreratzen  ibili ez daitezen, diru-laguntzak ez zaizkie familiei zuzenean emango: eskaerak onartu ondoren, jardueraren arduradunari edo koordinatzaileari ordainduko dio Udalak

Diru-laguntzetako programa honek garapen ona izan dezan, Eibarko Udalak informazioa eman die Eibarko ikastetxeetako Guraso Elkarteei eta Eskola Kontseiluei.   

Laguntza hauekin Udalak bermatu nahi duena hauxe da: ez dadila geratu 5 urtetik 18 urte bitarteko adingabe bat bera ere, arrazoi ekonomikoengatik, bere prestakuntza osatzen duten eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeke.

Bigarren urtez egiten da ekimen hau. EH-Bilduk bere garaian aurkeztu zuen zuzenketa eta Gobernu Batzardeak onartu egin zuen.