Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Coliseoaren laguna' deskontu-txartela eskuragai

'Coliseoaren laguna' deskontu-txartela eskuragai

Irudian (ezkerretik eskumara), Patxi Lejardi, Kultura zinegotzia eta José Luis González, kultura teknikaria.

2017/01/16

Helburua da publikoa fidelizatzea eta zuzeneko ekitaldietara eta zine komertzialera jende gehiago erakartzea.

Eibarko Udalaren Kultura sailak Coliseoaren laguna izeneko txartela sortu du Udalak eta zinema-aretoak programatutako zuzeneko ikuskizunetara (kontzertuak, antzerkia…) ikusle gehiago joan dadin eta haien fideltasuna lortzeko. Txartelak % 30eko deskontua dauka Eibarko Udalak programatutako edozein ikuskizun eta kontzertutan, baita Coliseo Antzokiaren zine-aretoen sarreretan ere. Deskontuak ez dira bateragarriak izango eta 5 euro edo hortik beherako sarrerek ez dute deskonturik izango. Txartela Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan eskatu daiteke edota www.eibar.eus udal webgunearen bitartez, ‘Tramiteak eta zerbitzuak’ atalaren barruan (Udal tramiteak>Kultura>Coliseoaren laguna) eta, ondoren, Pegoran jaso ahal izango da 24 orduko epean.

Txartelak urtebeteko indarraldia du. Norberarena da eta ez beste inorena. Halaber, txartel-titularrak sarrera bat eskura dezake ikuskizuneko eta txartela sarrerarekin batera erakutsi beharko da, ikuskizunetara, kontzertuetara edo Coliseora sartzean. Sarrerak leihatilan edo Kutxabanken orotarako kutxazainetan eskura daitezke; titularrak dagokion tarifa markatu beharko du.

Tarifa desberdinak

Txartel arruntak 20 euro balio du tarifa berezia hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzat. Txartel bereziak, berriz, 15 euro balio du GAZTE TXARTELA duten pertsonentzat.

Langabeek edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzaren titularrek % 30eko deskontua izateko eskubidea izango dute Eibarko Udalak programatzen dituen ikuskizunetan eta kontzertuetan, eta % 30eko deskontua zinema-aretoetako sarreretan. Deskontuaren onuradun izateko, sarrerarekin batera NANa edo nortasuna egiaztatzen duen agiriren bat eta langabetua dela (DARDE, etab.) edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzaren titularra dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko ditu.

Txartela eskuratzeko beharrezkoa da honako dokumentu hauek aurkeztea: eskatzailearen argazki bat, egin berria, karnet tamainakoa eta koloretakoa, datu pertsonalak eta Kutxabankeko ES23 2095 0611 0210 6276 0219 kontu korrontean egindako ordainketaren txartelaren ordainagiria. Bertan, “Coliseo” agertu beharko da kontzeptuan eta izen-abizenak.