Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bihar, martxoaren 8an, Eibarko ‘Berdintasunaren pasealeku’ berria inauguratuko da, Emakumearen Eguneko ospakizunekin batera

2016/03/07

Amañako pasealekuak izen hori hartuko du, 11:30ean, egunaren hasierako ekitaldian, kalearen izen berria duen plakari estalkia kentzen zaionean. Eibarko Udalak horren bidez irudikatu nahi du emakume eta gizonen arteko Berdintasunerantz jarraitu behar zaion bidea. Emakumeen Egunaren inguruko ekitaldiak martxoaren 3an hasi ziren, eta hilaren 18a arte segituko dute.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin batera, bihar, martxoaren 8an, Eibarko Udalak ‘Berdintasunaren pasealekua’ izendatuko du ofizialki Legarre eta Amaña bitartean trenbidea estaltzearen ondorioz sortu den paseatzeko eta aisialdirako eremu berria, lehenagotik egina zegoen pasealekutik Amañako dorreen amaiera arte iristen dena.

Martxoaren 8ko ekitaldi ofiziala 11:30ean izango da, pasealekuaren amaierako eremuan, Amañako dorreen ondoan, Eibar-Eremua Uniaren parean. Han, Emakumearen Mahaiko kideek estalkia kenduko diote pasealekuari eman berriko izena ageri den plaka berriari. Leku berean, komunikatu bat irakurriko da: ‘Berdintasunaren pasealekua’ izenak zer esanahi duen azalduko da, eta pasealekuan ‘Bizitzak bilbatuz’ eskultura zergatik jarri den ere azalduko da. Jarraian, aurresku bat dantzatuko da.

Eibarko Udalak, horrekin, jende gehien ibiltzen den hiriko eremuetako batean, bere konpromisoa irudikatu nahi du emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako hiria lor dadin lanean jarraitzeko, eta esparru guztietan matxismoa arbuiatzen duten ohitura eta jokaerak bultzatzeko.

Patricia Arrizabalaga Berdintasuneko zinegotziaren hitzetan, “Amañako pasealekuari “Berdintasunaren pasealekua” izena emateak ikusgarri egiten du benetakoa dela Eibarko Udalaren zein herri osoaren apustua, eta hori erakusteko bide ezin hobea da hau. Hainbeste jende ibiltzen den eremu horretan Berdintasun hitza aipatzeak gogorarazten digu hura lortzeko egunero borrokatu behar dugun helburu bat dela, eta horixe bera irudikatu nahi izan dugu. Pasealekuak islatzen du mutur batetik bestera urratsez-urrats egin beharreko prozesua emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko.”

Jadanik, orain dela zenbait hilabete, pasealeku berriaren obrak amaitu eta hiritarrei zabaldu zitzaienean, Miguel de los Toyos Alkateak nabarmendu zuen Eibarko kale gutxik zituztela emakumeen izenak edo emakumeekin zerikusia zutenak, eta pasealekua zabaltzeak aukera ona eskaintzen zuela gabezia hura konpontzeko eta orain proposatu denaren antzeko izen bat jartzeko.

Ekitaldia amaitzean, ‘ibilaldi lila’ bat hasiko da, pasealekuaren beste muturrean amaituko dena, Legarre aldean jada (San Andrés Egoitzaren parean), han kokatuta egongo baita ‘Bizitzak bilbatuz’ eskultura, Xose Lois Carreirak egin eta Iñaki Aranzabalek Eibarko Udalari eman diona. Une hartan, eskulturarekin batera dagoen plakari estalki kenduko zaio, eta hala, artelana txertatuko da Berdintasunaren alde Pasealekuak duen sinbologian.

Ekitaldien ostean, Eibarko hainbat emakume kirolariren argazkiak eskegiko dira Untzaga plazan. Argazki horiekin plaza inguratzea da helburua. Goizari amaiera emateko, ‘emakumearen bazkari’ bat izango da: dagoeneko hogeita hamar bat emakumek emana dute izena, eta oraindik izena eman daiteke Andretxean bertan (Zezenbide, 9, behean) bai 943700828 telefonora deituz.

Arratsaldean, 19:00etan, Untzaga plazan kontzentrazio bat egingo da “Ez gaude jokoz kanpo, martxan gaude” / “No estamos fuera de juego, estamos en marcha” leloaren pean. Eibarko Emakumearen Mahaiko kideek komunikatu bat irakurriko dute, eta horrekin amaiera emango zaie Emakumearen Eguneko ekitaldiei.

Hamar ekitalditik gora Emakumeen Egunaren inguruan

Eibarren Martxoaren 8aren inguruko ekitaldiak pasa den ostegunean hasi ziren ‘emakumeak kirolean’ gaia zuen mahainguru batekin. Ostiral arratsaldean, ‘Puten artea. Maitasun-istorio bat’ obra antzeztu zen, Antzerki Jardunaldien barruan.

Larunbatean, martxoaren 5ean, ‘Ze nolako biharra, emakumeena’ lantegia egin zen Armagintzaren Museoan, eta ‘Zinta-Errugbia' jarduera, Hezkuntza Esparruan. Igandean, Eibarko hainbat emakume joan ziren Donostiara aurtengo Lilatoian parte hartzera.

Egitarauak asteazkenean, hilak 9, segituko du Elene Lizarralderen ‘Rocío en el corazón’ liburuaren aurkezpenarekin; eta ostiralerako, hilak 11, iragarrita dago ‘Erraketistak: gure aitzindariak gogoan’ erakusketaren aurkezpena eta ‘Emakumeak plazan’ dokumental-erreportajearen eta ‘Pilota Girls’ film laburraren emanaldia Patricia Espinar-en eskutik. Eibarren egitekoak diren Martxoaren 8ko ospakizunen egitarauari amaiera emateko, hilaren 18an Nalua kolektibo feminista aurkeztuko da, eta ‘Mantazpitik’ poesia-musikatuaren emanaldia izango da.