Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Balantze benetan ona: horixe da gobernu-taldeak agintaldiko lehen urteari buruz esan duena

Balantze benetan ona: horixe da gobernu-taldeak agintaldiko lehen urteari buruz esan duena

Irudian (ezkerretik eskumara), Patxi Lejardi, Miguel de los Toyos alkatea, Idoya Sarasqueta eta Alberto Albistegui.

2016/05/27

Agintaldiaren hasierako urte honetan 180 ekimen baino gehiago garatu dira. Arreta berezia eskaini zaie garapen ekonomikoarekin, gizarte zerbitzuekin eta hirigintza-hobekuntzarekin lotutako proposamenei. Gutxiengo izateak eskatu dio Gobernu-taldeari gainerako Talde guztiekin etengabe negoziatzea. Horren ondorioz, aurkeztu diren proposamenetatik % 90etik gora izan dira aurrera atera direnak.

Gaur egun dagoen Udalaren agintaldiak egunotan urtea betetzen duenez, Eibarko gobernu-taldeak balantze “benetan ona” egin du aldi horretan gauzatu den jardueraren inguruan: 180 ekimenetik gora garatu edo garatzen ari dira. Garrantzia benetan berezia eman zaio Garapen Ekonomikoan, Gizarte Zerbitzuetan eta Obra eta Hirigintza Sailetan egindako lanari.

Miguel de los Toyos alkatea agertu da aurreneko urte honen balantzea egiteko eta hauxe ekarri du gogora: azken udal hauteskundeetan PSEak hobetu egin zituela aurreko udal hauteskundeetako emaitzak; bere taldearen lehenengo lana udal egonkortasuna bermatuko lukeen gehiengo bat bilatzea izan zela. “Alderdi guztiekin ahalegindu gara, eta, bereziki, PNVarekin, baina goragoko erakunde batzuetan alderdi bien artean akordio bat egon arren, hemen ezin izan da horrelakorik egin. Hala ere PNVak gure besoak zabalik dauzka”.

Gutxiengo gobernuko lehen urte honek izan du bere alde txarra, esan du De los Toyos alkateak, baina baita bere alde ona ere: “Talde guztiekin etengabe jardun dugu negoziatzen; egin diren proposamenetatik % 90etik gora izan dira aurrera atera direnak. Horren erakusgarririk onena aurtengo Aurrekontuen onespenean dugu". Udalak, urte honetan, 180 ekimen baino gehiago landu ditu; batzuk berriak, beste batzuk, lehendik zeuden ekimenak hobetzekoak.  

Garapen Ekonomikoko arloa asko nabarmendu da urte honetan hainbat eragilerekin elkarlanean jardun eta proposamenak landuta: BIC Gipuzkoa, Tekniker, Debegesa, prestakuntza-zentroak, elkarte sektorialak eta enpresak. Horiek denok hartu dute parte eta hortik sortu dira hainbat planteamendu: enplegua eta kontratazioa laguntzekoak, enpresa-ekimen berriei sostengua ematekoak, prestakuntza-eskaintza sustatzekoak edo teknologia-gaiak babestekoak. “Eta hori guztia, Eibarko jarduera ekonomikoa hobetzen eta indartzen utziko duen testuingurua sortzeko."

Hirigintzaren alorrean hauek azpimarratu dira: Txonta bere onera ekartzeko asmoari Visesarekin sinatutako hitzarmenaren bidez emandako bultzada; Mogel auzoaren bigarren fasea martxan ipintzea; igogailuak jartzeko eta fatxadak berriztatzeko udal laguntzak pixkanaka gehitzen joatea; Estaziñoko lurzoruen hirigintza-garapenaren aurrerakada; autobus geltokiaren kokalekuari buruzko parte-hartze prozesua; gazteen emantzipazioari bidea zabaltzeko etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko oinarriak onartzea.

Herritarren parte-hartzea eta gardentasuna: oinarrizko zutabe sozialisten kudeaketan, azken urte honetan ere garrantzia eduki dute. Auzoetako bilerei arintasun gehiago eman zaie eta herritarrei egiten zaizkien kontsultak areagotu egin dira (Legarreko trafikoa, Amañako umeen jolaslekua). Teknologia berrien bitartez hobetu egin da komunikazioa (Udalaren web-gunea, sare sozialak). Parte-hartzearen eta gardentasunaren ordenantza onartu egingo da; azken hori oso aurreratuta dago. Martxan ipini da 'gardentasunaren ataria'.

Hiri-hobekuntzaren alorrean azpimarratu egin behar da hasiera eman zaiela Errebaleko obrei. Urte honetan egin dira baita Egigurentarren kaleko urbanizazio-obrak, Bidebarrietako lorategietakoak edo Txomoko parkekoak. Gobernu-taldeak egin duen kudeaketa-lanaren ondorioz Eusko Jaurlaritzatik 2,5 milioi euro iritsi dira, beste gauza batzuetan artean, honako proiektu edo asmo hauetan erabiliko den dirua: Eibarko Bizikleta plaza eraberritzeko, Txomoko goiko aldea konpontzeko, eraginkortasun energetikoaren ekimenak bultzatzeko, irisgarritasun planak gauzatzeko eta Ipuruako kanpoko igerilekuko aldagelak berriztatzeko.

Azken urte honek ere balio izan du Udalak “gizartearen katebegirik ahulena”ri Gizarte Zerbitzuetatik ematen dizkion laguntza-neurri guztiak lantzen eta hobetzen joateko, eta hori dena gobernu-taldeak finkatu duen erronkarik handienari begira eginez: gizarte zerbitzuen mapa ezartzea. Udalak lanean jardun du Euskararen Plan Estrategikoan; martxan ipini ditu Eibarren euskara transmititzeko, erabiltzeko eta finkatzeko planak.  

Berdintasunaren alorra sendotu egin da: egun osoko dinamizatzaile bat kontratatu da; Andretxeak duen leku-premiari buruzko hausnarketa egiten ari da, eta era sinbolikoan bada ere, Berdintasunaren pasealekua inauguratu da. Udalak lan garrantzitsua egin du “kultura-esparruarekin elkarlanean aritzeko, esparru hori bultzatzeko eta babesteko; betiere gizarte kritikoa, prestatua eta informatua finkatzeko estrategiaren ildotik". Kirolaren Plan Estrategikoak eta Armagintzaren Museoa Sustatzeko Osoko Planak ere aurrera egin dute.