Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala: Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna

2015/11/25

2015eko azaroaren 13an egindako Gobernu Batzarrean, bertako kideek aipatutako adierazpen instituzionala onartzeko akordioa egin zuten.

2015eko azaroaren 13an egindako Gobernu Batzarrean, bertako kideek ondorengo Adierazpen instituzionala onartzeko akordioa egin zuten:

AZAROAREN 25eko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA:

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna”, Eibarko Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste.

Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.

Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.

Eibarko Udalaren xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriaren aurka agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko den gizartea. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea.

Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi.

Hori guztia dela eta, Eibarko Udalak konpromisoa hartu du:

  • Bere eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.

Eta herritarrak gonbidatzen ditu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere, bai halaber gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako ‘Beldur Barik’ ekimenean.

Egitaraua

Azaroak 17:

 19:00 “Beldurrak gurekin jai” Hitzaldia, eta kitto! Euskara Elkartean, Emagin Elkartearen eskutik

Azaroak 19:

18:00 Untzaga Plaza, performance “Woman in black”.

Azaroak 20:

16:45-20:45, Autodefentsa Feminista Ikastaroa Indianokua gaztelekuan

Azaroak 24:

19.00, Hitzaldia “Violencia de Género en los procesos migratorios”, Portaleako Areto Nagusian, CEAR-Euskadiren eskutik

Azaroak 25:

18:45, Ibilaldia, Anbulategiko parkean hasita, Untzaga plazaraino eta 19.00etan, kontzentrazioa Untzaga Plazan.

Azaroak 27:

 18:30 EIBAR BELDUR BARIK JAIALDIA PORTALEAN, Areto Nagusian 2. pisuan

  • Bertso Saioa Eibarko Bertso Eskolako 2 neska eta mutil baten eskutik. Gaia Beldur Barik jarreraren ingurukoa izango da.
  • Beldur barik lehiaketara Eibarko ikastoletako ikasleek aurkeztutako lanen proiekzioa eta Eibar mailako sari banaketa.