Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Autobidearen segurtasuna hobetzeko neurriak

2014/03/27

Foru Aldundiak euste handiko metalezko petril bat jarriko du Urkiko zubibidean, baina, oraingoz, ez du zarataren kontrako pantailarik ipiniko. Segurtasun neurriak hartzeko erabakia azken hile hauetan zubibide horretan hainbat trafiko-istripu gertatu eta Udalaren eskarien ondoren iritsi da. Udala poztu egin da neurri hori hartuko dela ikusita, baina premia handikoa denez, adi egongo da lanak ahalik eta azkarren egingo direla bermatzeko.

Udalak sarritan eskatu dio Foru Aldundiari, har zitzala AP-8 autobideak Eibarko zatian segurtasunaren alorrean dituen akatsak konpontzeko neurriak, eta zehazkiago esanda, Urki auzoaren gainean dagoen zubibidea. Azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiaren inguruan neurriak hartzea erabaki du eta Eibarko alkateari hauxe adierazi dio: datorren astean enkargatuko duela  zubibidea horren euste-sistemak ordezteko proiektua eta proiektu hori maiatzean amaituta egongo dela.

 Erabaki hori azken hile hauetan zubibide horretan hainbat trafiko-istripu izan ondoren iritsi da; istripu horien ondorioz Urki auzora hainbat material jausi izan da, batzuk tamaina edo neurri handi samarrekoak. Zorionez, ez da zauriturik izan. Bai udalak, bai  Sozialisten Batzarkide Taldeak, biek eskatu dute denbora guzti honetan behar diren neurriak hartzea.

 Foru Aldundiaren erabakia ezagutu ondoren, Udala asko poztu da han hartu den erabakiarekin, baina hala ere, erabakia hartzeko orduan denbora larregi igaro delakoan dago, eta gainera, arazoari ez zaiola konponbide osoa  eman deritzo.  Udalak iragarri du adi egongo dela hartutako akordioa edo erabakia bete dadin, eta horrez gain, segurtasuna hobetzeko lan edo obra horiek ahalik eta azkarren egin daitezen.

 Aste honetan udalean jaso den idatzian, Larraitz Ugarte andreak, Bide Azpiegituretako Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu andreak, hauxe adierazi du: Foru Aldundiak burutuko duen proiektu horretan, Urkiko zubibidean, “euste handiko metalezko petril bat egitea, ibilgailu arin eta astunen talkak jasango dituena eta, hortaz, gaur egun dagoen segurtasun arazoa konponduko duena."

Udalak, zubibidean  zarataren kontrako pantailak jartzeko eskaera ere egin zuen. Eskaera horri dagokionez Foru Aldundiak adierazi du “ez dela sartuko zarataren kontrako pantailak jartzea, baina ez du eragotziko gerora jarri ahal izatea, eta, hain zuzen ere hori kontuan izango da proiektuan." Diputatu andreak erabaki hori hartzeko oinarritzat hau eman du: “Egoera ekonomikoa zaila da, eta gure eginbeharra inbertsioak arrazionalizatzea eta gure errepideetako erabiltzaileen bide-segurtasunari eragiten diotenei lehentasuna ematea da.”

 Idatzi horretan diputatu andreak baieztatu du Bidegik 2014. urtean artapen berezirako izango duen aurrekontuan aparteko sail bat sartu dela Urkiko zubibidearen segurtasuna hobetzeko proiektuaren obrak egiteko, eta obra hori 2014ko urtean zehar egingo dela. Horrez gain, dio "2014ean lizitatuko dira Azitaingo zubibideko euste sistema aldatzeko obrak.” Obra horien zenbatekoa 480.000 eurokoa da eta egikaritze-epea hiru  hilekoa.

 Eibarko alkatea benetan kezkatuta dagoenez Eibarko biztanleen segurtasunaz, eta bereziki aspalditik ari direnak konponbide bat eskatzen ari diren Urkiko auzotarrei dagokionaz, Foru Aldundiari lau aldiz ere bidali dizkio idatziak presako eta premiazko neurriak hartzeko.  Azkenengo karta, joan zen otsailean bidali zen; azken istripua orduan izan baitzen.  Miguel de los Toyosalkatearen hitzetan: "Bai oraingoan eta baita aurrekoetan ere, inguru hartako auzotarren segurtasuna arrisku larrian egon zen (jende asko ibiltzen baita eta umeendako parke bat ere badago) istripua izandako ibilgailuen zatiak gainera etorri zirelako, kaskoteak eta autobidearen barandak ere gainera etorri zitzaizkielako. Pozten nau, azkenean, Foru Aldundiak neurriak hartu dituela jakiteak, baina, egi benetan, nire iritziz denbora larregi tardatu du erabaki hori hartzeko. Adi egongo gara jakinarazi dizkiguten konpromiso horiek bete ditzaten  inori ezer txarrik gerta ez dakion.”