Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Asteburuetako gauak lasaiak eta giro onekoak direla jakinarazi du Udalak

2017/02/17

Azkenaldian, istiluak handitu diren sentsazioa dela-eta, Ertzaintzak azken zazpi hilabeteotan garatu diren jarduketen txostena egin du. Bertan ondorioztatu denez, egoera “ez da larria ezta kezkagarria ere”. Udalak, hala ere, ekintza-protokolo bat ezarriko du, Polizia Autonomoarekin batera, segurtasuna indartzeko, “sentikorragoak” kontsideratzen diren zenbait tokietan.

Eibarko Alkate Miguel de los Toyosek honako mezu hau helarazi nahi izan die herritarrei: asteburuetako gauak gure hirian “lasaiak” izaten ari dira eta “delinkuentzia ez da igo”, nahiz eta ingurune ezberdinetatik bidali den mezua izan azken hilabeteotan istiluak handitu egin direla.

Alkateak azaldu duenez, “azkenaldian, asteburuetan istilu ugari egon diren sentsazioaren aurrean eta Eibar hiri arriskutsuan bihurtzen ari zela”, Udalak Ertzaintzari eskatu zion berriki egindako jarduketen eta atestatuen txosten bat egitea.

Udalak esku artean daukan txostenak 2016ko uztaila eta aurtengo urtarrila arteko zazpi hilabeteak aintzat hartzen ditu. Denboraldi horretan, Polizia Autonomoaren arabera, Eibarren 29 gorabehera edo istilu erregistratu ziren asteburuetako gauetan: 27 arin eta beste bi larri, Ertzaintzak kalifikatu dituenez. Istilu larriei dagokienez, bata, arma zuri batez egindako erasoa izan zen eta bigarrena, berriz, botilla batekin. Ondorioz, hainbat pertsona zauritu ziren eta horietako kasu batean, erasotzaileak aurrekari penalak zituen.

“Kalkulu bat eginez, asteburu bakoitzeko istilu bat dago; Ertzaintzak ez du kezkagarritzat jotzen egoera eta antzeko ezaugarriak eta tokiak dituzten beste udalerri batzuekin alderatuta, egoera ez dela larria uste dute”, zehaztu du Miguel de los Toyosek.

Hala ere, Udalak bere lana egin eta kontrola indartuko duela erabaki du. Horretarako, ekintza-protokolo bat ezarriko da Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera; izan ere, “egia da toki batzuk sentikorragoak izan eta istiluak biltzen ari direla, nahiz eta egoera asko kontrolaezinak izan”.

“Eibarren, asteburuetako giroa ona da eta ez da aldatu behar, ezta gizarte-alarma sortu behar ere. Edonola ere, neurriak hartuko ditugu, Ertzaintzarekin batera, hiritarren segurtasuna gehitzearen alde lan egiten jarraitzeko”, ondorioztatu du Miguel de los Toyosek.