Asteburu honetan amaituko dira oinezkoen pasabide goratuen obrak

2016/02/19
Domeka gauean asfaltatuko dira Bidebarrieta-Arikitza-Urtzaile bidegurutzeko eta Barrena kaleko hiru pasabideak. Eguraldia zertxobait hobetu arte itxoin behar izan da lan hauek amaitzeko. Lanok bide-segurtasuna eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzea dute helburu.

Lanek hile bat inguru iraun dute. Asteburu honetan bukatuko dira oinezkoen pasabide goratuen obrak.  Obrak egiten ari den enpresak iragarri du domeka gautik astelehenera bitartean egingo dituela asfaltatze-lanak, Bideberrieta-Arikitza-Urtzaile bidegurutzeko pasabideen eta Barrena kaleko 50eko pasabidearen zorua goratzeko lanak.  

Horiexek ziren hain zuzen ere bidegurutzeak hobetzeko planaren barruan egiteke geratzen ziren azkenak, eta, eguraldiak hobera egingo duelakoan, asteburu honetan egitea erabaki da. Hala da: asfaltatze-lanak behar bezala egiteko, euria ez da komeni; ezta hotz larregia ere.  Lanen amaiera-eguna uste baino beranduago izan da eguraldi kaskarra egin duelako.

Horrela, Eibarko Udalak aurrera darama oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko plana; baita bide-segurtasunarena ere azken urte hauetan egiten ari diren obra horiei esker. Asteburu honetan amaituko den fase honi esker zazpi leku hauetan jaso dira oinezkoen pasabidean:  Fermín Calbetón kalea (Untzagako dorrera doan bidegurutzea),  Julián Etxeberria, Juan Gisasola (Txaltxa Zelai parean), Bidebarrietan –hiru pasabide dira hangoak,  Bidebarrieta kalean bertan, Arikitza kalearen amaieran eta Urtzaileren hasieran- eta, azkenik, Barrenan.

Lanok PROBISA VIAS Y OBRAS SL enpresa egiten ari da; hari esleitu zitzaizkion pasa den abenduan, 72.019,68 €an (BEZa barne).  Lanak egitean kontu handia ipini dute hiritarrei eta trafikoari ahalik eta kalte gutxien egiteko. Horregatik, obrak gauez egin dira, asteburuetan edo hainbat fasetan. Hala ere, Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei, azken hile honetan lanen sortutako eragozpenengatik.

2011n  lehenengo oinezkoen pasabide goratuak egiten hasi zirenetik hona, Eibarko Udalak oinezkoen 40 pasabide goratu baino gehiago jarri ditu. Horiekin hiriko kaleen irisgarritasuna hobetu, eta, aldi berean, bide-segurtasuna handitu da, hirigunean abiadura mantsoagoa ibili behar dute eta gidariek

Beraz, lan horiei esker bi helburu betetzen dira: alde batetik, gidariak behartuta egotea abiadura murriztera (horrela inor harrapatzeko arrisku gutxiago egongo da). Gainera, Eibarko beste toki batzuetan alderik alde jarritako banda horiek baino goxoagoa da sistema hau, ez da haiek bezain agresiboa. Eta bestetik, pasabide goratua espaloiaren maila berean geratzen denez, mugikortasun murriztuko pertsonentzat errazagoa da irispidea.

Eibarko hainbat kaletik eta bidek dituzte horrelakoak Errekatxu, Otaola, Tiburzio Anitua, Legarre, Ziriako Agirre edo Urkizu aldean. Udalak lan horiek Eibarko beste bidegurutze batzuetan egin nahi ditu, traba arkitektoniko gehienak kendu eta  bide-segurtasuna handi arte. Oinezkoen pasabide goratuen egokitasuna eta erosotasuna agerian geratu da.

Asteburu honetan amaituko dira oinezkoen pasabide goratuen obrak

Pasabide goratua.