Asmoa dago behin-behineko aparkalekua jartzeko Arragueta 21ean su hartu zuen eraikinaren orubean

2016/07/13
Miguel de los Toyos alkateak bilera egin du jabeekin, eta horiek jarrera ona erakutsi dute eremua uzteko aparkaleku publiko izateko, orubearen hirigintza-garapena zehazten den arte.

Asmoa dago behin-behineko aparkaleku bat jartzeko Arragueta 21eko eraikina eraitsi ondoren libre geratu den orubean, haren hirigintza-garapena zehazten ez den bitartean. Ideiak aurrera aukera du, orubearen jabeek jarrera ona erakutsi dute-eta Miguel de los Toyos Eibarko Alkateak horretarako egin dien proposamenaren aurrean.

Alkatetzan adierazi dutenez, eraikina ekainean eraitsi ostean, De los Toyos alkateak bilerak egin ditu, bai eraikina zegoeneko orubearen jabe diren familien ordezkariekin, bai haren ostean dauden lurren jabeekin.

“Oso jarrera ona izan dute hasieratik, dena erraztasunak izan dira —Miguel de los Toyosek esan du— eta lurren jabeek ondo baloratu dute orubea behin-behinean zerbitzu publiko bat emateko erabili ahal izatea; Udalak asko eskertzen die”.

Oraindik ez dago behin betiko itxita akordioa, baina, gauzatzen bada, Udalak lanak egingo lituzke gune hori erabilera libreko aparkalekua izateko egokitzeko, eta sarrera-irteerak jartzeko; horrek neurri batean lagundu lezake trafikoaren presioa eta inguru horretan dagoen aparkaleku eskasia arintzeko. “Espero dugu laster lortzea akordioa” esan du Miguel de los Toyos.

Arragueta kaleko 21 zenbakiko eraikinak ezusteko sute bat izan zuen martxoaren 3an; horren ondorioz zenbait etxebizitzak su hartu zuten, eta oso kaltetuta geratu zen eraikinaren egitura. Teknikariek egin beharreko azterketak egin ondoren, eraikina eraistea gomendatu zen; eta halaxe egin zen ekainaren bukaeran.

etiketak: ,