Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arrate-Santakurutz-Kalamua inguruaren Babes eta Kontserbaziorako Plan Berezia abian jarriko da Eibarren

2016/01/07

Dokumentuaren idazketa enkantera aterako da 43.000 eurotan (BEZa barne). Dokumentu horrek Eibarko birika kontsideratuta dagoen lekuan etorkizunean gauzatuko diren jarduerak zehaztuko ditu. Eskaintzak aurkezteko epea urtarrilaren 12ra arte dago zabalik. Eibarko Udalak Plan Bereziaren idazketan eta onartze-prozesuan lan egingo du, parte-hartzea bermatu dadin eta inguruan sor daitezkeen interesak kontuan izan daitezen.

Arrate, Santakurutz eta Kalamua landaguneek Babes eta Kontserbaziorako Plan Berezia izango dute. Dokumentu horrek etorkizunean hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu, eta baita aipatutako gune babestuetan zein baldintzetan parte hartu ahal izango den ere. Plan horrek Eibarren benetako birika kontsideratuta dagoen lekuan aurrerago egin daitezkeen jardueren ezaugarriak finkatuko ditu.

Plana aurrera eramateko Eibarko Udalak dokumentua idazteko esleipen kontratuaren deialdia atera du. Proiektua 43.000 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin enkantera atera da eta interesa duten enpresek urtarrilaren 12ra arte aurkez ditzakete beren eskaintzak.

Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak (HAPN) bi parke periferiko proposatzen ditu eta jolaserako gune bat urbanizatu gabeko lurzoruan. Guztiak ere Kalamua, Arrate eta Santakurutz tokiak dira; 3.209.235 metro karratu dituzte guztira eta haien garapena Plan Berezien bitartez gauzatuko da, Plan Orokorraren arabera.

Orain idatziko den Plan Bereziaren helburuak honako hauek dira: erregulatutako guneek dituzten baliabide naturalen kontserbazioa, hobekuntza eta berreskurapena; paisaiaren berreskurapena eta hobekuntza; eraikitako ondarearen mantentze-lanak eta hobekuntza; gerra zibilaren oroimen historikoari lotutako guneak berreskuratzea eta balorean jartzea. Halaber, planteatutako beste helburu batzuk hauexek dira: jolaserako erabiltzen diren tokien erregulazioa eta indartzea; nekazaritza-ustiapenak mantentzea eta hobetzea; garapen ekonomiko jasangarria aurrera eramatea edo ohitura tradizionalak eta baliabide naturalen ustiapen iraunkorra bermatzea, nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren bitartez.

Arrate, Santakurutz eta Kalamuako Plan Bereziaren bitartez diagnosia egin beharko da. Bertan, honako alderdi hauek kontuan izango dira: baliabide naturalen identifikazioa eta deskribapena, paisaiaren analisia, nekazaritza ustiapenen ikerketa, azpiegituren baldintzak, ondare arkitektonikoaren ikerketa edota lursailen jabetzak. Bestalde, honako helburu espezifikoak ezarriko lirateke: jolas erabileraren erregulazioa, baliabide naturalen eta bestelako errekurtsoen arteko erlazioa eta mugak, azpiegituren beharrak, erabileren kontserbazioa edota aipatutako guneen kalitatea hobetzeko neurriak hartzea.

Aipatutako Plana idazterakoan, parte hartzeari berebiziko garrantzia eman nahi dio Eibarko Udalak. Zentzu horretan, idazketa eta onartze-prozesuan, parte hartzea bermatu nahi da eta, aldi berean, inguru horretan izan daitezkeen interesak kontuan izan daitezela. Modu horretan, Plan Bereziak hainbat helburu edo xede bilduko dituen parte hartze programa izan beharko du.

Alde batetik, Plan Bereziaren hasierako onarpena baino lehen, aipatutako lekuetako bizilagunekin bilera deia egingo da (lursailetako jabeak barne, nekazariak eta ganaduzaleak, ostalaritza eta olgetarako establezimenduen titularrak, Arrateko santutegia…). Bestalde, aipatutako tokiaren (Arrate-Santakurutz-Kalamua) interesak ordezkatzen dituzten taldeekin dagoen banakako harremana ere kontuan izango da; modu berezian, Andiraorekin, Eibar Klub Deportiboko mendi sailarekin, Debemenekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basozaintzarekin, EHNE eta ENBA sindikatuekin eta hala eskatzen duen beste edozein talderekin).

Udalak bultzatu ditu dagoeneko aipatutako guneei eragiten dieten ekimen eta plan ezberdinak. Alabaina, azken horiek Plan Berezian ezarriko diren ala ez aztertu egin beharko da. Ekimen edota planak honakoak dira: Izua-Usartza-Olabe-Arrate inguruneko jolas-erabileraren antolamendu- eta indartze-aurreproiektua; Arrate santutegiaren gunean bitartekotza-proposamena; Arrateko pagoen ikerketa; Eibarren, II. Errepublikaren eta Gerra Zibilaren Ondarearen Interpretazio, Kudeaketa eta Turismo-garapen Plana eta bideragarritasun-azterketa edota Oroimen Historikoaren eta Errepublikaren Ibilbidea izeneko bidezidor laburraren homologazio-proiektua.