Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Abuztuaren 31tik irailaren 5era Eibarren eskainiko den robotikako bigarren tailerrean izena emateko epea zabalik

2017/07/27

Uztailean egindako lehen tailer arrakastatsuan 25 ikaslek eta gaztek hartu dute parte; Gazterobotika ekimenaren barruan antolatutako jarduera berrirako tokia dago.

Abuztuaren 31tik irailaren 5era bitartean, robotikari buruzko bigarren tailer teknologikoa egingo da Eibarren, lehen tailerrak izandako arrakasta aintzat hartuta; aurreko astean egin zen Portalean lehen tailerra eta bertan 8 eta 16 urte bitarteko 25 ikaslek eta gaztek hartu zuten parte. Eibarko Udalak bultzatutako eta diruz lagundutako ekimena da.

Gazterobotikako ekimenaren bigarren tailerrean parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago eta oraindik tokia dago. Bost goizetan zehar eskainiko den 20 orduko tailerra izango da. Bertan parte hartuko duten ikasleek eta gazteek taldean lan egingo dute eta teknologiarekin jolastuz eta dibertituz ikasiko dute robot bat egiten eta programatzen.

Robotikako arloaz gain, aipatutako tailerrean bideo-jokoak egiten ikasiko dute parte hartzaileek; 2001 eta 2009. urteen bitartean jaiotako umeei zuzenduta dago tailerra eta parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da. Tailerra euskara hutsean eskainiko du Doplay enpresak, arlo horretan aditua dena. Izen-ematea www.gazterobotika.eus web orriaren bitartez egin daiteke.

Gazterobotika

'Gazterobotika' ekimena Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoa Sailak sustatu du, baina eskualdeko jarduera bihurtu da, gainerako udalerriek ere bat egin dutelako Debabarreneko haur eta gaztetxoen artean bokazio teknikoen sustapenaren aldeko apustuaren baitan. Izan ere, 8 eta 16 urte bitarteko Debabarreneko 120 gaztek beren interesa azaldu dute uda honetan eskualdean ematen diren tailer horiengatik.

Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da irailean Eibarren

Gazterobotika egitasmoaren baitan, Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da irailaren 23an Eibarko Astelena pilotalekuan, Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikorako sailak sustatuta.

Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du txapelketak, doakoa eta Euskadi osoko gazteei zuzendua; eskola adineko haur eta gazteak (8 eta 16 urte bitarte) motibatzea du helburu, robotika eta programazio arloan lehen urratsak eman ditzaten, talde-lana eta arazoen ebazpena lantzearekin batera.

Udako tailerretan parte hartuko duten gaztetxoek txapelketan parte hartu ahal izango dute, eta eurek egindako lanak erakutsi.

etiketak: Robotika, Eibar, Tailerra