Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

4.000 arreta baino gehiago eskaini zituen Gizartekintzak 2016an

4.000 arreta baino gehiago eskaini zituen Gizartekintzak 2016an

Ezkerretik eskumara: Idoya Sarasqueta, Gizartekintzako zinegotzia eta Jaione Azkue, Saileko zuzendaria.

2017/06/12

Tramitatutako eskaeren % 64k pertsona nagusiei eskainitako laguntzarekin dute lotura zuzena. Gainontzeko % 36a diru-laguntzekin lotutako eskaerak izan ziren. Programak, eskabideak, balorazioak, GLLak (Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak) eta elikagai bankua nabarmen igo dira.

Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak 2016ko memoriaren datuak ezagutzera eman ditu; aurreko urtean, 4.000 arreta baino gehiago eskaini zituzten bertako langileek. Hala adierazi zuten prentsaurrekoan aurreko ostiralean, ekainak 9, Gizartekintza zinegotziak, Idoya Sarasquetak, eta Saileko zuzendariak, Jaione Azkuek. Halaber, instalazio berriak -sarrera eta saileko langile batzuen bulegoak- bisitatzeko aukera izan zuten komunikabideek; harrera-gela handitu dute eta hainbat bulego zatitu dituzte  horien kopurua handitzeko. Lanok 94.684 euroko kostua izan dute (BEZa barne). Gaur egun, ipintzeke daude hitzorduak eta txandak kudeatzeko makinak.

Arretak eta izapideak

Sarasquetak aurreratu zuenez, "2016an izapidetutako eskaera guztien artean, % 64a pertsona nagusiekin lotutako baliabideekin eta balorazioekin dute zerikusia, desgaitasun balorazio eskaerak kenduta. Gainontzeko % 36a diru-laguntzekin lotutako eskaerak izan ziren, elikagai bankua kenduta".

Bestalde, oinarrizko gizarte zerbitzuek kudeatutako eskabide kopurua nabarmen igo zen 2015ean (2.405), 2014an baino 438 gehiago. 2016an, goranzko joera mantendu zen; 2.659 eskaera kudeatu zituzten, hots, 254 gehiago.

Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen (GLL) 490 eskabide izapidetu zituzten 2016an (2015ean baino 88 gehiago) eta horietako 454 onartu zituzten. Guztira, 433.194,58 euro bideratu ziren; Eusko Jaurlaritzak 300.077 euro eman zituen eta udalak, 133.117,58 euro.

Halaber, 783 menpekotasun balorazio egin zituzten, 2015ean baino 19 gehiago.

Zerbitzuak eta aktuazio planak

Gizartekintza zinegotziak eta saileko zuzendariak ezagutzera eman zituzten datuen arabera, etxeko laguntza zerbitzuari dagokionez, erabiltzaileen % 64 bakarrik bizi da eta % 67 menpekotasun mailaren bat dauka. Familiako esku-hartze programari dagokionez, adingabekoen eta gazteen inguruko jakinarazpen kopurua bikoiztu egin da.

Berdintasun zerbitzuak eta Andretxeak, planaren helburuekin lotuta, sentsibilizazio, ahalduntze, formakuntza eta elkarte sarearen jarduerak edo ekintzak gehitu dituzte. Gainera, unitate horrek prest dauka generoen arteko IV. Berdintasun Plana.

Etorkinentzat arreta zerbitzuak 143 kasu edo egoera (69 emakume eta 74 gizon) aztertu zituen, 2015ean baino 23 gehiago. Eskaera gehienak lotura izan zuten sustraitzearekin, berritzearekin eta familiak berriz elkartzearekin. Halaber, Eibarren Bizi, Denok Eibartar eta oroitzapenezko egunen programekin lan egin zuten.

Droga-menpekotasunen prebentziorako zerbitzua duela 24 urte ipini zuten abian. Aipagarria da 'Gurasoak Martxan' programa; izan ere, parte hartzaile kopurua goa doa. 2014-2015 ikasturtean 234 pertsonek hartu zuten parte eta 2015-2016 ikasturtean, 353 gurasok.

Bazterkeria arriskuen eremuari dagokionez, Udalak martxan ipini zuen 'janari-txartela' pasadizoko pertsonentzat eta EAEko beste udal batzuekin batera, parte hartu zuen kale gorrian aurkitzen ziren pertsonen zenbaketan; kalean zeuden 4 pertsona zenbatu ziren.

Gainera, Gizartekintza Saila elkarlanean hasi zen 2012an Elikagai Bankuarekin. 2016an, hilabete bakoitzeko, 133 familiei laguntza eman zitzaien, guztira 343. Umetxoentzat 27 produktu-sail banatu ziren hilabete bakoitzeko.