Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015-2016 ikasturtean eskolaumeendako eta ikasleendako diru-laguntzak emango ditu Eibarko Udalak; guztira, 258.000 euro

2015/08/05

‘Umeak Eskolara’ eta ‘Diru-laguntzak Ikasleei’ udal egitarauek –orain dela 15 urte martxan ipinitakoak- ikasle bakoitzeko 60,10 euroko laguntza ematen dute herriko dendetan egindako erosketengatik. Eskaerak egiteko epea, irailaren 1etik urriaren 31ra artekoa da.

Eibarko Udalak onartu eta martxan jarri du ‘Umeak Eskolara’ eta 'Diru-laguntzak Ikasleei’ programen edizio berri bat. Laguntza horiek –orain dela 15 urte martxan ipinitakoak- familiei ematen zaizkie, eskolara joateko edadeko seme-alabak dauzkatenei edo irakaskuntza arautuak edo lanerako prestakuntzakoak egiten ari direnen gurasoei.

Jarduera bietarako, -familiei laguntzearren eta Eibarko merkataritza biziberritzearren martxan jarritako asmoak biak- 258.000 euroko kontu-sail edo partida onartu eta ezarri du Udalak; ‘Umeak Eskolara’ programarako -2 eta 15 urte bitarteko neska-mutilei zuzendua- 188.000 euroko partida bat onartu da, eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ deritzon programarako onetsi den kontu-saila 70.000 eurokoa da. Azken hori, 16 eta 25 urte bitarteko gazteei dago zuzendua.

Horrela, 2015-2016 ikasturterako laguntza 60,10 eurokoa izango da seme-alaba bakoitzeko, eta diru hori Eibarko dendetan erositako gauzetarako ematen da (arropak, oinetakoak, kirol materiala, eskolarako materiala -ikasliburuetarako ez-, betaurrekoak eta lentillak erosteko). Gainera, herriko dendetan salmentak bultzatzeko eta indartzeko helburuarekin, diru-laguntzak jasoko dituzten erosketak Eibarko establezimenduetan egin beharko dira, irailaren 1etik urriaren 30era bitartean.

Programa batean zein bestean, erosketak egiten direnean, faktura diru-laguntzaren titularraren izenean joango da, eta bertan azalduko dira, argi eta garbi, zeintzuk izan diren erositako gauzak.               

Ekimen honen bidez, Eibarko Udalak, herritarrengandik gertu egon nahi du, familiek sasoi honetan egiten duten diru-gastu handi horri aurre egiten lagunduta. Ikasturte berriko diru-laguntzak nahitaezkoak bihurtu dira urteotako egoera ekonomikoak okerrera egitearekin batera.

Eskaerak egiteko epea, irailaren 1etik urriaren 31ra artekoa izango da.

Udalak, irailetik aurrera, balizko onuradun izan daitezkeen pertsona guztiei gutuna bidaliko die. Hor zehaztuko dira diru-laguntza jasotzeko bete behar diren baldintzak.  Eskaera-orria, eskatutako dokumentazioarekin batera, “Eibar Merkataritza Gune Irekia”ren bulegoan entregatu behar dira. Hona hemen helbidea: Untzaga plaza 7, 3. etxabea (Artola jatetxearen ondoko lokala).

‘Umeak Eskolara’ programako diru-laguntza,  2000ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako umeen gurasoendako edo tutoreendako da, eta horiek, 2015ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean, Eibarren etengabe erroldatutakoak izango dira. 

‘Diru-laguntzak ikasleei’ programako diru-laguntza, 1990ko urtarrilaren 1etik 1999ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako  ikasleek eska ditzakete,  eta horiek, 2015eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean,  Eibarren etengabe erroldatutakoak izango dira.  Irakaskuntza arautuko edo lanbide-hezkuntza alorreko ikasleak izatea eskatzen da, edo ohiko ikasturtearen pareko iraupena duten masterrak eta doktoregoak egitea, eta baita helduen hezkuntzarako zentro publikoetan ikasten jardutea ere. Laguntza hauetatik kanpo geratzen da prestakuntza osagarria  (hizkuntzak, informatika –erabiltzaile ezagutza-, gidabaimena...).

45.000 eskaera baino gehiagorendako diru-laguntzak 15 urtetan

Aurreko urtean ‘Umeak Eskolara’ programaren 3.116 eskaerendako diru-laguntzak eman ziren, eta beste 1.159 ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ deritzon jarduerarenak. Hala, aurreko edizioan bakarrik, 4.000 umek eta gaztek baino gehiago etekina atera zioten diru-laguntzei.

Udalak 2000. urtean  diru-laguntza hauek martxan ipini zituenetik hona Eibarko familiek 3 milioi euro inguru jaso dituzte ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Diru-laguntzak Ikasleei’ programetatik. Kopuru horrek, 15 urtetan zehar, 45.000 haur eta gazte inguru laguntzeko balio izan du.