Koko-marruak erakusketa

Oier Araolaza, Kezka Dantza Taldeko kidea: "Benetako aratusteen espiritua da plazaratu nahi duguna"

2008tik hona inauteriak ospatzeko modu tradizionala bultzatzen diharduzue, nola jaio zen ekimen hau?

Ideia Arrateko ezpata-dantzarekin lotuta sortu zen, udan egiten denak ordaina dauka neguan, eta hori da hain zuzen ere aratusteei dagokiena. Gaur egun herri askotan inauteriak eredu zurrunak dira, eta telebista zein internet hartzen dira erreferentzia gisa mozorroa janzteko orduan. Baina tradizionalki bestelako osagai interesgarriak eduki ditu festa honek, hori dela eta, benetako aratusteen espiritua plazaratu nahi izaten dugu koko-marruen ekimenarekin.

Disfrazen ordez, mozorroak edo koko-jantziak aldarrikatzen dituzue. Nola ospatzen dituzue orain aratusteak?

Bi ezaugarri nagusi ditu egiten dugun jardunak. Alde batetik, Eibarko baserri guzietara joaten gara mozorroturik eskean talde txikian (leku arazoak direla medio), ekimen pertsonalizatu bat bezala da, festa sarri baztertu egiten dugun nekazal guneetara eramatea da xedea. Dantza egiten diegu atarian eta ordainean baserriko produkturen bat edo dirua ematen digute, truke emozional bat egitea zen gure hasierako asmoa, baina baserritarrek beti eman nahi izaten digute zerbait. Ondoren, Eibarko kaleetan zehar kalejira eder bat egiten dugu eta ekimen honetan bai, edonork har dezake parte. Bestaldetik, gure herria beste era batera ezagutzeko aukera ematen digu jardun honek, herriko bailarek jasotzen dituzten baserri denak banan-banan ezagutzeko aukera ematen digu. Gainera baserritarren erantzuna paregabea izaten da, normalean kaletarrok aintzat hartzen ez ditugula eta oso esker hona adierazten digute urtero.

Zeintzuk dira koko-marruen ezaugarriak?

Arketipoekin jolasten dugu koko-jantziak hornitzeko, Europa osoan zehar bezala hemen ere mozorro mota denak ideia berdinaren inguruan atontzen dira. Garai batean ez zen orain moduan zerbaiten edo norbaiten inguruan janzten, mozorrotzea zaren hori ezkutatzea izan da beti inauterien espirituaren oinarria. Toribio Etxeberriak hala esan zuen: "nahikoa da aurpegia belztea kokoz janzteko".

Armagintza Museoan koko-jantzi orijinalak ikusi ahal izango dira?

Bai, guk koko-egunean erabiltzen ditugun jantziak egongo dira ikusgai Portalean. Museotik helarazi zigutek koko-jantziak erakusteko proposamena, eta ideia ona zela iruditu zitzaigun.

Zer
Noiz 2011/12/15
2012/01/27
Non Armagintza Museoa
Hitzordua egutegira gehitu vCal iCal