Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Genero Berdintasunaren Aldeko Lehen Martxa egingo da martxoaren 12an

2017/02/21

Martxoaren 8ko egitarauaren barnean kokatzen da. Izena emateko epea martxoaren 3ra arte dago zabalik, Andretxean.

2017ko martxoaren 12an, igandea, martxoaren 8ko egitarauaren barnean, Eibarko Genero Berdintasunaren Aldeko Lehen Martxa ospatuko da; 11:45ean, herritarren argazkia egingo da Untzagan eta, 12:00etan, martxaren hasiera Untzagan. Antolatzaileak dira Udalaren Berdintasun Zerbitzua-Andretxea eta La Salleko ikasle talde bat, Emakumearen Mahaiko laguntzarekin.

Izena emateko epea otsailaren 20an hasi zen eta martxoaren 3an bukatuko da. Andretxean egin behar dira inskripzioak, bere ohiko ordutegian. Izen ematea doakoa eta irekia izango da.

Ibilbidea

Martxaren ibilbidea honako hau izango da: Untzagan hasi, Zuloagatarren kaletik jaitsi, Toribio Etxeberria eta San Juan kaleetatik segi, Ardantza igo, Berdintasunaren Pasealekua egin (joan eta etorri), Legarre, Arratebide, Mekola eta San Andres Pasealekutik pasa eta Untzagan bukatuko da.

Herritar guztiak more koloreko zerbait eramatera animatzen ditugu, hala nola, kamiseta, zapia edota zapatillak.

Halaber, martxan dortsala jarrita eraman behar da (izena ematerakoan dortsala emango zaie parte hartzaileei).