Angels Barcelo kazetariak Eibarko Alkatea, Miguel de los Toyos, elkarrizketatuko du

2015/11/23
Azaroaren 23an, astelehena, 21:00etatik aurrera, SER kateko 'Hora 25' irratsaioan.

Angels Barcelo kazetariak SER katean zuzentzen duen 'Hora 25' irratsaioa Eibarko Coliseo Antzokitik zuzenean eskainiko da gaur, hilak 23, 21:00etatik aurrera, Eibar Irratia duela hogeita bost urte sortu izana ospatzeko edizio berezian. Barcelok gaurko egunak bai politikan bai ekonomian eman duenaren birpasa egingo du, eta Eibar, Ermua eta eskualdeko gaiei leku egin eta erreparatuko die.

Aipatutako irratsaioan  Eibarko eta Ermuko alkateak, Miguel de los Toyos eta Carlos Totorika, eta Eibar Kirol Elkarteko presidentea, Alex Aranzabal, izango dira.

Debabarreneko enpresen atalean, berriz, Orbea bizikleta lantegiaren gerentea, Jon Fernández, izango da. Gainera, ‘Eibar marka’ eta hiriaren izena munduko lau haizeetara zabaltzen lagundu duten ‘Lambretta’ bezalako beste hainbat ere izango dira.

Horrez gain, 'Hora 25' irratsaioarekin bat normalean tertuliakideak direnak ere Eibarren izango dira, esaterako, Victoria Lafora, Javier Aroca eta Carmen del Riego. Halaber, irratsaioan Underneed musika talde donostiarra izango da.

Irratsaioa zuzenean ikusi ahal izateko sarrerak www.radioeibar.com webgunetik deskargatu daitezke edota Eibarko SER irratiak Zezenbide 7an duen egoitzara zuzenean joan eta bertan jasota.